Lantarongo Acideka enpresa kimikoan asteazken arratsaldean piztutako sutea 19:45 inguruan itzali dute suhiltzaileek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailaren eta Arabako Foru Aldundiaren informazioaren arabera, ez da zauriturik izan, eta suteak ez du herritarrentzat arriskurik eragin. Gainera, enpresan biltegiratutako materialen isuririk ez dela gertatu jakinarazi du Aldundiak.
Halere, suteak inguruko biztanleak asaldatu zituen. Izan ere, arratsalde partean inguruko herrietako biztanleek (Gaubea, Lantaron, Erriberabeitia) mezu bat jaso zuten udalen partetik, Lantaronen sutea zegoela ohartaraziz eta gomendioei adi egoteko eskatu zieten. Halaber, Burgosko Miranda Ebroko Guinicio eta Montañana herrietako bizilagunei leihoak ixteko eta kalera ez ateratzeko gomendatu zieten larrialdi zerbitzuek, prebentzio gisa.
Acideka Lantarongo industria eremuan dago, eta ura tratatzeko produktu kimikoak fabrikatu, biltegiratu eta banatzen ditu, besteak beste, aluminio sulfatoa, kloruro ferrikoa eta azido klorhidrikoa, sulfurikoa eta nitrikoa.
Sutearen jatorria eta instalazioetan eragindako kalteen norainokoa ez dira oraindik argitu.