Hurritza "urrezko aukera" izan daiteke Arabako nekazarientzat

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Zambranako fruta arbolen finka esperimentalaren datuak aurkeztu dituzte. NEIKER

Hurritzaren laborantza Arabako nekazaritza dibertsifikatzeko aukera gisa aztertzen ari da Neiker Zambranako finka batean.

Neikerrek 2019an martxan jarri zuen Zambranan finka esperimental bat, intxaurrondo, hurritz eta almendrondo barietateen konbinazioen probak egiteko, eta oskoldun fruta arbolek nekazaritzan izan dezaketen garapena aztertzeko. Tartean zortzi hurritz barietate landatu zituzten 2020an, eta emaitzak ezin dira positiboagoak izan, fruitu lehor horren ekoizpenak Arabako baldintza klimatiko eta agronomikoetara oso ondo egokitzen dela frogatu baita.

Neikerrek eta Añanako Landa Garapenerako Elkarteak oskoldun fruta-arbolen jardunaldia egin dute, Gaubean. Nekazaritza sektoreko profesionalak, administrazio publikoak, enpresak eta kudeaketa zentroak bildu dira bertan, 2026ko kanpainaren emaitzak ezagutzeko.

Neikerreko ikerlariek azaldu dutenez, hurritzaren laborantza hotz-orduak behar ditu neguan loratzeko, eta baldintza klimatiko zehatzak ziklo osoan zehar. "Arabak baldintza horiek betetzen ditu eta urrezko aukera da", ikertzailearen esanetan.

Jardunaldian espeziea nola maneiatzen den ere azaldu dute, eta zenbait aholku eman dizkiete nekazariei. Uraren eskuragarritasuna funtsezkoa da finka aukeratzeko orduan; beraz, komeni da hasieratik jakitea ea ureztatzerik dagoen. Gainera, Amaia Ortiz Barredo Neikerreko Landare Ekoizpeneko eta Babeseko departamentuko arduradunaren  arabera, hurritzak "inausketa oso espezifikoa behar du kimuak saihesteko".

Barietate bakoitza erabilera desberdinetara bideratzen direla azaldu du Ortizek, hala nola irina egitera edo fresko kontsumitzera, eta jardunaldian bakoitzaren merkatu aukerak ere aztertu ziren, ADV de l´Avellana nekazariei eta kooperatibei aholkuak ematen 20 urtetik gorako esperientzia duen Kataluniako erakundearekin batera.

Intxaurraren eulia

Halaber, Neikerreko taldeak intxaurrondoaren kanpainako emaitzak aurkeztu zituen. Intxaur-oskolaren euliaren (Rhagoletis completa) jarraipenaren lehen urteko balantzea ere eskaini zuen, Euskal Herrian intxaurrondoak hazten dituztenen artean kezka sortzen duen izurritea baita. 

"Emaitza onak lortu ditugu: harrapaketen datuak ditugu, eta baita proposatutako kontrol-neurriak nola joan diren erakusten duten datuak ere",  azaldu du Ortizek.

Aurkikuntza garrantzitsuenetako bat tranpei buruzkoa da. Eulia harrapatzeko bi era daude, eta horietako batek ez zuen espero bezala funtzionatu Euskal Herriko baldintzetan. "Ezin dugu eulia harrapatzeko tranpetan huts egin", azpimarratu du ikertzaileak. Neirrek euliaren bizitza zikloari buruzko datuak ere eman zituen, kontrol neurriak ezartzeko lehen urratsa delako. "Urtebeteko atariko datuak itxaropentsuak dira eulia eta bakteriosia kontrolatu ahal izateko", adierazi du Ortizek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago