CNMC Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak ez du onartu Solariak Zierbana Solar 2 proiektuaren inguruan organismo horretan aurkeztutako gatazka, bide administratiboa itxita. Hilaren 8an hartu du erabakia, eta, aurrera jarraitu nahi izanez gero, energia berriztagarrien enpresak Espainiako Auzitegi Nazionalera jo beharko luke bere interesak defendatzeko.
Erriberabeitiko Udalak behin baino gehiagotan eskatu dio Jaurlaritzari Solaria Zierbana Solar 2 proiektua bertan behera uzteko. Ribabellosa eta Quintanilla Erriberabeiti artean 49,9 MW-eko proiektu fotovoltaikoa da hori, nekazaritzan erabilgarri diren 134 hektarea hartuko lituzkeena. Udalak argudiatu du REE Espainiako Sare Elektrikora sarbidea eta lotura izateko baimenak iraungita daudela, eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena egiteko epea ere pasata dagoela.
Gatazkaren jatorria REEk martxoan bidalitako jakinarazpenetan dago. Horien bidez, REEk iraungitzat jo zuen instalazio fotovoltaikoaren sarbide eta konexio baimena. Solariaren arabera, erabaki hori ez zen bidezkoa, Gasteizko epaitegi batek iazko urriaren emandako kautelazko auto batek eten egin baitzuen ingurumen adierazpena lortzeko epea. Enpresak defendatu zuen neurri horrek baimenen iraungipena saihestu behar zuela, eta REEk ebazpen judiziala errespetatu behar zuela. CNMCk, ordea, ondorioztatu du auziaren muina jada ebazpen judizial baten mende dagoela. Erakundearen arabera, epaitegiak emandako kautelazko neurriak zuzenean eragiten ditu ondorio juridikoak, eta ez dagokio CNMCri ebazpen horren balioa edo eragina aztertzea. Horregatik, gatazka administratiboa izapidetzea ez dagokiola iritzita, ez onartzea erabaki du.