'Verbascum langraizokensis' izendatu dute Arabako bizilagun berria

Juanma Gallego

'Verbascum langraizokensis'-en loreak. FLORA MONTIBERICA

Langraiz Okan aurkitu dute orain arte deskribatu gabeko landare hibridoa.

Langraiz Okan identifikatutako landare berri bat nazioarteko literatura zientifikoan argitaratu dute: Verbascum × langraizokensis izena eman diote. Xavier de Arizaga herbarioko Jose Ramon Lopez Retamero eta Pello Urrutia Uriarte ikertzaileek egin dute identifikazioa, eta Flora Montiberica zientzia aldizkariaren azken zenbakian aurkeztu dute.

Hibridoa ekainaren 8an aurkitu zuten Langraiz Okako errepide bazter batean —zehazki, Garbigunetik gertu—, eta horregatik eman diote langraizokensis abizena. "Nomen ad oppidum Nanclares de la Oca/Langraiz Oka refert", azaldu dute landareari buruz botanikoek latinez egin ohi duten deskripzio teknikoan. Ikertzaileen arabera, espeziea Verbascum generoko bi landareren arteko hibridazioaren emaitza da: Verbascum pulverulentum eta Verbascum virgatum.

Egileen esanetan, aurkikuntzak arreta berezia merezi du, Verbascum generoan hibridazioak ohikoak izan arren, ez baitute aurkitu aurrez deskribatutako edo izendatutako ale berdinik nazioarteko erreferentzia bibliografikoetan. Horretarako, literatura botaniko historikoa zein egungo datu base nagusiak aztertu dituzte.

Landare berriak ezaugarri morfologikoak partekatzen ditu bi guraso espezieekin, baina berezko nortasuna ere badu. Ikertzaileek azaldu dutenez, itxura orokorrean bi espezieen arteko tarteko ezaugarriak ditu, hostoen, loreen, iletxoen eta fruituen ezaugarriek konbinazio berezia osatzen baitute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago