Añanako lehen GAZ zerbitzuak bertako gazteen emantzipazioa lagunduko du

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Añanako Kuadrillako hainbat udaletako alkate izan dira GAZen aurkezpenean. IREKIA

Eusko Jaurlaritzak eta Añanako Kuadrillak lankidetza hitzarmena sinatu dute, gazteei etxebizitza, enplegua, prestakuntza eta beste hainbat arlotan orientazioa eta laguntza eskaintzeko.

Eusko Jaurlaritzak eta Añanako Kuadrillak lankidetza hitzarmena sinatu dute Añanan Arabako landa eremuko lehen GAZ zerbitzua abian jartzeko. Ekimenaren helburua da eskualdeko gazteei emantzipazio prozesuetan laguntzea eta gazteentzako baliabide publikoak hurbiltzea, landa ingurunearen berezko beharretara egokituta.

Ribabellosako Kuadrillaren egoitzan egongo da GAZ berria, eta 16 eta 34 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eskualdean bizi, ikasi edo lan egiten dutenei nahiz bertan bizi proiektua garatu nahi dutenei. Zerbitzuak doako, aurrez aurreko eta pertsonalizatutako arreta eskainiko du, informazioa, orientazioa, aholkularitza, bitartekaritza eta laguntza praktikoa emateko.

Besteak beste, etxebizitza, enplegua, prestakuntza, ekintzailetza, mugikortasuna, gizarte baliabideak eta autonomia pertsonala izango dira zerbitzuaren lan esparruak. Helburua gazteek beren emantzipazio ibilbidea modu autonomoan eta jasangarrian garatu ahal izateko behar duten laguntza eskaintzea da.

Landa eremuaren ezaugarriak

Ekimenak bereziki kontuan hartzen ditu landa eremuko gazteen egoerak dituen ezaugarriak. Añanako Kuadrillako gazteek, besteak beste, etxebizitzarekin, mugikortasunarekin, enpleguarekin, konektibitatearekin eta baliabideetarako sarbidearekin lotutako erronkei egin behar diete aurre.

Eusko Jaurlaritzaren eta Añanako Kuadrillaren arteko akordioa proiektu pilotu baten barruan kokatzen da, aurretik egindako esperientzien ebaluaziotik abiatuta. Bi erakundeek gazte politikak landa eremuaren errealitatera egokitzea eta gazteen ikuspegia politika horietan txertatzea dute helburu. Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du eta Eusko Jaurlaritzak 178.000 euroko ekarpena egingo du: 89.000 euro urtean, zerbitzuaren garapena eta arreta bermatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago