Azpiegitura handiak Erriberabeitia itotzen ari dira. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak beste alde batera begiratzen dute. Hala salatu dute Erriberabeitiko alkate Mentxu Zamoranok eta Manzanos eta Quintanilla de la Riberako batzar admnistratiboetako lehendakariek, Gaden talde naturalistarekin batera.

Une honetan bost megaproiektu aurreikusita daude 27,7 metro koadroko hedadura duen udalerrian: Solaria Zierbana Solar 2 parke fotovoltaikoa, Ekian eta Ekienea parke fotovoltaikoen garapenak, Ekieneako ebakuazio-linea, Ameyugo eta Manzanos arteko AHTaren linea eta Burgos-Miranda Ebro konexioa, eta Arasur industrialdearen handitzea bost datu zentro eraikitzeko.
Erriberabeitiko Udalak, Manzanoseko eta Quintanilla de la Riberako administrazio batzarrek eta Gaden taldeak agerraldia egin dute astearte honetan Gasteizko Probintzia plazan, udalerriko azpiegitura handien "saturazioa" salatzeko. Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari eskatu diete proiektu horien guztien ebaluazioak banan-banan eta modu isolatuan egin beharrean metatutako inpaktua kontuan hartuta egiteko, "lurzoruan, paisaian, biodibertsitatean eta herrietan duten inpaktu osoa kontuan hartuta".
Udalerriaren etorkizuna kolokan jartzen ari dela azpimarratu du Erriberabeitiko alkateak, eta herriaren garapena auzian jartzen ari direla megaproiektuak.