Erriberabeitiako Udalak publikoki eskatu dio Eusko Jaurlaritzari Solariaren Zierbana Solar 2 zentral fotovoltaikoaren proiektua baliogabetzat jo eta espedientea artxibatzeko. Jaurlaritzak jada baliogatu ditu Bizkaian isuriko litzatekeen tentsio altuko linearekin lotutako beste proiektu guztiak, eta Erriberabeitiko Udalaren arabera gainerako zentralak ukatzeko erabili ziren arrazoi juridiko eta administratibo berberak aplikatu beharko lirateke kasu honetan ere.
Udalak azaldu duenez, proiektuaren aurkako argudio nagusia da iraungita daudela Espainiako Sare Elektrikorako sarbide eta konexio baimenak. Bestalde, gogorarazi du legeak 31 hilabeteko epea ezartzen duela aldeko Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena lortzeko, eta epe hori igarotzen bada adierazpenik gabe, sareko konexio eskubideak galdu egiten direla. Udalaren arabera, Zierbana Solar 2 proiektuak 2025eko azaroaren 30ean gainditu zuen epe hori, eta horregatik ukatua izan beharko litzateke adierazpena.
Gaiaren inguruko azalpenak eskatzeko bilera eskatu du Erriberabeitiko Udalak Industria Sailarekin. Arabako Batzar Nagusietan agerraldia ere egingo du, udalerriak azken urteetan jasan duen makroazpiegituren pilaketa azaltzeko.
Solaria Zierbana Solar 2 zentral fotovoltaikoak 49,9 MW-ko potentzia izango luke eta Quintanilla de la Ribera eta Ribabellosa artean kokatuko litzateke, laborantzako 134 hektarea okupatuz. Horri gehitu behar zaio Getxo-Mirador Norte FV enpresak Ribabellosan sustatutako beste instalazio bat, 7.020 plaka eta 4 MW-ko potentzia lituzkeena, zortzi hektareako azaleran.
Makroazpiegituren pilaketa
Erriberabeitian dago dagoeneko Euskadiko zentral fotovoltaikorik handiena, Ekian, Arasurreko poligonoan kokatua, 24 MW-ko potentzia eta 55 hektarearekin. Bestalde, ondoko Armiñongo udalerrian Ekienea proiektua aurreikusten da, 150 MW-ko potentziarekin eta nekazaritza lurren 200 hektarea hartuko lituzkeena. Kontuan hartuta jada instalatuta dauden proiektuak, izapidetzen ari direnak eta aurreikusitako zentral fotovoltaikoak, guztira 397 hektarea okupatuko lituzketela salatu du udalak.
Energia proiektuez gain, Erriberabeitiak adierazi du etorkizuneko goi-tentsioko ebakuazio lineak ere eragin handia izango duela udalerrian. Ekienea eta Larrazubi lotuko dituen azpiegiturak 132.000 volt garraiatuko ditu, eta udalerritik igarotzean 5,6 kilometroko trazadura eta 27 dorre izango ditu.
Horri guztiari gehitu behar zaio Burgos eta Gasteiz arteko abiadura handiko trenaren trazadura eta Miranda de Ebrorekiko lotura, udalak nabarmendu duenez. Testuinguru horretan, Erribera Beitia "makroazpiegiturez gainezka" dagoela adierazi dute udaletik. Udalaz gaindiko erakundeei eskatu die proiektu guztien metatutako eragina aztertzeko, eta tokiko erakundearen iritzia ere kontuan hartzeko.