Behin behineko txostenaren arabera otsoarena da Gaubeako iparraldean, Burgosetik oso gertu, sasi ardien artalde baten kontra jazo den azken erasoa. Bi ahari hilik aurkitu dituzte astelehen goizean herrietatik oso hurbil dagoen finka itxi batean.
Desagertzeko arriskuan dagoen sasi ardi arraza berreskuratzeko proiektu batean lan egiten ari den abeltzainaren artaldeari eraso dio otsoak. Kontrol eta babes programa espezifikoak eta oso zorrotzak jarraitu behar dituzte arraza hori zaintzen duten ganaduzaleek eta erasoak Gaubeako artaldearen hurrengo hilabeteetako lana hankaz gora jarri du, ALEAri azaldu dionez.
Behin administrazioari erasoaren berri eman ondoren eta adituak laginak jaso eta gero, orain Arabako Foru Aldundiaren behin betiko txostenaren zain daude abeltzainak otsoaren erasoa izan dela berresteko eta kalte ordainak jaso ahal izateko.
Herrien artean dagoen finka itxi batean jazo da erasoa. Argazkia: PHOT.OK