Gaubea, Añana eta Lantarongo osasun profesionalek salatu dute udaren hasierarekin batera lehen mailako arretako medikuen eta erizainen falta areagotu egin dela eta Osakidetzak ez duela hitz emandakoa bete. Landa eremuan gehiengoa diren adineko biztanleen osasun arretan egoerak izan ditzakeen ondorioez ohartarazi dute.
Egoera hau aspalditik salatzen ari direla azpimarratu dute Añanako osasuneko langileek, baina osasun arretaren egungo "kaosaren" arduradunak "urruneko bulegoetan" daudela esan dute.
Langileen arabera, Arabako ESIko zuzendaritzak iragarritako lehen mailako arretako mediku plaza berria, udako oporrengatiko hutsuneak kubritzeko erabiliko zena, azkenean ez da eskualdera iritsi. Plaza hori Langraiz Okara bidali dute. Gainera, salatu dute Bergonda-Lantaronen dagoen beste mediku plaza bat bi hilabete baino gehiago daramala bete gabe.
Antzeko egoera gertatu da erizainen ordezkapenekin ere. Izan ere, uztailaren 1etik aurrera, oporraldiko ordezko erizaina Valles II izeneko osasun eremura (Bastida, Urizaharra, Berantevilla eta Ribabellosa) lekualdatu dute. Langileek azaldu dutenez, Osakidetzak ez du aldez aurretik erabaki horien berri eman, eta informazioa "bide ez-ofizialetatik" jaso behar izan dute.
Adineko bizilagunak
Osasun arloko profesionalen esanetan, horrelako erabakien ondorioak larriak izan daitezke landa eremuko biztanleentzat, "gehienak adinekoak baitira eta kasu askotan bakarrik bizi baitira". Garraio publikoaren gabeziak are gehiago zailtzen du adinekoak osasun zentroetara joatea, eta askok ez dute jaso kontsulten murrizketei edo itxierei buruzko informaziorik.
Langileek ohartarazi dute gaur egun eskualde osoarentzat bi mediku baino ez daudela, erizaintzan ez dagoela ordezkapenik, eta horrenbestez osasun zentro guztiak normaltasunez irekita mantentzea ia ezinezkoa dela. "Hainbat osasun zentro egun erdiz itxita egoten dira, langileek edo plantilla osatu gabe jarduten dutelako. Zenbait kasutan erizainak bakarrik daude lanean; beste batzuetan, berriz, medikuak baino ez. Egoera ez da berria, baina azken hilabeteetan ohiko bihurtzen ari da", esan dute.