Liedak eta ganbera-musika dira aurtengo Schubertaldiaren protagonistak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 29a

Kebyart saxo laukoteak hilaren 18an joko du Espejon. Argazkia: SCHUBERTALDIA

Tuesta, Bachicabo eta Espejoko tenpluetan egingo da musika klasikoaren jaialdiaren 9. edizioa, uztailaren 3tik 25era.

Gaubeako Schubertaldiaren bederatzigarren edizioa egingo da aurten, uztailaren 3tik 25era,  Tuestako, Bachicaboko eta Espejoko tenpluetan. Liedaren eta ganbera musikaren esparruan entzute handiko interpreteak gonbidatu ditu Franz Schubert Associació elkarteak herrialdera, Gaubeako Udalaren babesari esker.

Jaialdia uztailaren 3an hasiko da Tuestan, New Yorketik datozen Meredith Wohlgemuth sopranoak eta Jinhee Park piano jotzaileak osatutako duoarekin. Kontzertuaren lehen zatiak, besteak beste, Marc Migo konpositorearen Canviar de cel zikloa eskainiko du; bigarrenak, berriz, Ofelia maitea, Shakespeareren pertsonaiaren bizipenak jasotzen dituen kantu programa.

Hurrengo egunean, uztailaren 4an, Bo Wang baritonoa eta Yuriko Watanabe piano jotzailea, Vienako Helmut Deutsch nazioarteko Lied lehiaketaren irabazleak, arituko dira jaialdian, Schubert, Richard Strauss eta Gustav Mahler musikarien obretan zentratutako programa batekin. 

Uztailaren 11n, Katharina Konradi 2018an Schubertaldiaren lehen edizioa inauguratu zuen sopranoa Julius Drake piano jotzailearekin itzuliko da. Elkarrekin interpretatuko dute Schuberten lied bat, baita Enric Granadosen tonadillen hautaketa bat, eta Eduard Toldrà autorearen testu klasikoei buruzko sei kanten hautaketa bat ere.

Uztailaren 18an, Espejon, Kebyart saxo laukoteak Jean-Philippe Rameau, Mikel Urkiza, Franz Schubert eta Dani Lopez Pradasen obrak joko ditu. 2023an lortutako arrakastaren ondoren, Urkizak bereziki haientzat idatzitako Les perfectibilités — traité d’ornement lana biltzen duen programa batekin itzuliko da.

Schubertaldia uztailaren 25ean amaituko da Bachicabon, Iberia laukote gaztearekin; Mateu Fletxa El Vell egilearen eta Luigi Boccheriniren lanak joko dituzte, baita Franz Schuberten Der Tod und das Mädchen enblematikoa ere.

Kontzertuak 20:00etan egingo dira eta sarrerei eta programazioari buruzko informazio guztia hemen dago eskuragarri: www.schubertiada.eus 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago