Quonfussion Jaialdia hartuko du berriro Berantevillak datorren ekainaren 27an, 11:30ean hasi eta ordu txikietara arte luzatuko den doako kultura ekitaldia. Jaialdia Qolektibo Qonfussionek, herriko lagun talde batek, eta Berantevillako Udalak antolatzen dute.
Helburua herriko plaza ohiko erabileratik harago eramatea da, bertaratzen direnei esperientzia berriak eta kultura adierazpen askotariakoak eskainiz. "Quonfussion dantza da, musika da, antzerkia da, kalejira da, barrea da, topaketa da eta, batez ere, gozamena da", esan dute antolatzaileek.
Urtez urte, ekimenak diziplina eta estilo desberdinetako ikuskizunak eta tailerrak biltzen ditu, kultura ezberdinak modu ludiko eta parte hartzailean ezagutzeko aukera emanez. Horrela, Berantevilla egun batez "sormenaren, artearen eta elkarbizitzaren" topagune bihurtuko da.
Antolatzaileek herritarrak eta bisitariak gonbidatu dituzte egun osoko kultur eskaintzaz gozatzera, "adin guztietarako jarduerak eta zuzeneko ikuskizunak uztartuko dituen jaialdi paregabe batean parte hartzera".
Egitaraua
- 11:30
• Parkour tailerra, Arabatarren Parkour Elkartearekin (8-15 urte).
• Txikientzako instrumentuak egiteko tailerra. - 13:30
• Joyful Gospel Choir korala. - 17:00
• Trapu Zaharra/ La última y nos vamos ikuskizunarekin. - 18:30
• Aldakan musika taldea
• Faroltxoak egiteko tailerra, Taller de la imaginacion taldearekin, - 20:30
• Tio Teronen Semeak, Haurreskolari ikuskizunarekin. - 22:30
• Maloa Brothers. Bilboko musika taldea - 00:30
• Moonshine Wagon. Aiaraldeko musika taldea.