Gaubea, Lantaron eta Gesaltzako osasun langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Gaubeako udaletxearen aurrean, Arabako OSIko zuzendaritzaren "inposizio jarrera" eta konponbide errealen falta salatzeko. Profesionalek ozen esan dute osasun sistema publikoa ezin dela langileen "neke fisiko zein emozionalaren kontura" eraiki. Zuzendaritzari leporatu diote estatistikak eta ratioak soilik begiratzea, egiturazko gainkarga, lan baldintzen okertzea eta landa eremuko asistentziak dituen behar errealak erabat alde batera uzten dituen bitartean.
"Egoera jasanezin" honen aurrean, marra gorri guztiak gurutzatu direla adierazi dute eta neurri zorrotzak iragarri dituzte datorren ekainaren 1etik aurrera: medikuek bajak eta oporrak ordezkatzeari utziko diote. Erabaki honek eragin zuzena eta nabarmena izan dezake herritarrengan, mediku falta eta kontsultategiak itxita egongo baitira. Langileek aitortu dute neurri honek herritarrentzat eragozpenak eta desplazamenduak ekarriko dituela, baina azpimarratu dute sistema euren osasunaren eta bizitza pertsonalaren kontura "artifizialki mantentzeak" egoera bidegabe hau iraunaraztea besterik ez dakarrela.
Ekintza honek ondorio kezkagarriak utz ditzake udan, eskualdeko sei mediku plazetatik lau bakarrik baitaude beteta gaur egun. Oporraldiak hasterakoan plantilla erdira murriztuko denez eta autokontzertaziorik egingo ez denez, litekeena da udako hilabete askotan hiru udalerriei zerbitzua ematen dieten bost kontsultategietatik bi bakarrik geratzea zabalik. "Arabako OSIko zuzendaritzak duela asko ezagutzen du arazoaren tamaina, baina emandako erantzun eskas eta behin behinekoek profesionalak erre eta langile berriak erakartzeko zailtasunak handitu dituzte".
Lan baldintza duinak defendatzea "osasun publiko seguru eta gizatiarra" bermatzeko ezinbestekoa dela gogorarazi dute, eta ohartarazi dute ez dutela baztertzen greba egun berriak deitzea zuzendaritzak negoziazioari bati uko egiten badio.