Armiñongo Udalak eta Estavillo eta Manzanos herrietako kontzejuek mozio bateratua aurkeztu dute Alavabuseko linea erregular berri bat sortzeko. Gaur egun eskaripeko garraioa erabili behar dute herri horietako bizilagunek Miranda Ebro eta Gasteiz arteko linearekin lotzeko, eta salatu dutenez "ez da nahikoa".
Gaur egun, laurehun biztanletik gora dituzten herri horietako herritarrek eskualde arteko eskaripeko garraio zerbitzua baino ez dute erabilgarri garraio publikora iristeko. Sistema horrek bidaiak aurrez erreserbatzea eskatzen du, eta ez du geltoki edo ordutegi finkorik. Tokiko erakundeen arabera, egoera horrek nabarmen mugatzen du herritarren eguneroko mugikortasuna.
Udalak eta kontzejuek proposatutako 19B lineak hiru herri horiek gaur egungo 19 linearekin lotuko lituzke, hain zuzen Miranda Ebro eta Gasteiz arteko ibilbidea egiten duen linearekin. Proposamenaren arabera, linea berriak herritarrak Argantzoneko 19 linearen geltokira eramango lituzke dagoeneko ezarrita dauden ordutegietan.
Aurkeztutako mozioan jasotzen denez, egungo eskaripeko ereduak ez ditu Alavabusen ohiko linea batek eskaintzen dituen baldintza eta zerbitzu berak bermatzen. Udalak eta kontzejuek azpimarratu dute herri horiek erabiltzaile kopuru esanguratsua dutela eta, ondorioz, garraio publiko egonkor eta erregular baten beharra dutela.
Gogoratu dutenez, azken urteotan egindako eskaerei erantzunez, aldundiak hainbatetan adierazi du zailtasun teknikoak daudela eta 19 linearen ibilbidea luzatuko litzatekeela herri horietara sartuz gero. Hala ere, tokiko erakundeek uste dute aurkeztu duten proposamena alternatiba bideragarria dela.
Udalak eta kontzejuek "garraio publiko duin, egonkor eta eraginkorra" bermatu nahi dutela gogoratu dute, aukera berdintasuna, lurralde kohesioa eta landa eremuko despopulazioaren aurkako borroka sustatzeko.
Mozioarekin batera agerraldia eskatu dute Arabako Batzar Nagusietan, beren eskaerak azaltzeko eta Bide Azpiegitura eta Mugikortasun diputatuarekin bilera ere eskatuko dute, 19B linea berriaren proposamena zuzenean helarazteko.