Adifeko azpikontrata bateko langile bat harrapatu eta kolpatu du 13:30ak aldera tren batek Manzanosko geltokian, Erriberabeitian. Langilea larri eraman dute Gasteizko Txagorritxuko ospitalera.
Gertakarien lekura ertzainak eta osasun langileak joan dira berehala, zauritutako gizona artatzera. Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari (Osalan) ere ohartarazi egin diote lan istripuaz. "Tren-unitate batek langilea harrapatu du eta Txagorritxura eraman behar izan dute", azaldu dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek.
Istripuaren ondorioz, trenbideko zirkulazioa bi noranzkoetan moztu behar izan dute ez bakarrik Gasteiztik Miranda Ebrorako tarte horretan, baita distantzia luze eta ertaineko trenenean ere. 16:00etan martxan jarri dute berriro tren zerbitzua.