Kezka agertu du EH Bilduko batzarkide taldeak Iruña Okako Santa Katalina lorategi botanikora bisitan joaten diren umeei banatzen dieten komikiaren euskarazko bertsioaren kalitate eskasagatik. Argitalpenaren babesleen artean foru aldundia dagoenez, galdera sorta luzatu dio EH Bilduk Iñaki Gurtubai Euskara diputatuari komikiaren inguruan.
Iñaki Ullibarri eta Eva Lopez de Arroiabe batzarkideek aurkeztu duten galderan jasotzen denez, Iruña Okako lorategi botanikora joaten diren umeei Santa Katalina, Historian zehar ibilaldi bat komikia banatzen diete, gaztelaniaz eta euskaraz. "Erraz antzematen da gaztelaniazko jatorrizko testuaren itzulpen nahiko eskasa dela, hitzez hitzekoa, eta ziurrenik itzultzailea ez den norbaitek itzultzaile neuronal batekin egindakoa", azaldu du talde abertzaleak.
Ardura falta
Komikiaren azalean Vital Fundazioa agertzen da babesle gisa, eta erdiko orrialdeetan laguntzaile gisa Santa Katalina lorategi botanikoa, Amigos del Jardín Botánico Santa Catalina elkartea, Iruña Okako Udala eta Arabako Foru Aldundia. "Tamalez, berriro ere, ez dirudi ez babesleak, ez laguntzaileek inolako ardurarik hartu dutenik itzulpena gainbegiratzeko. Horrela egin izan balute ziurrenik atzera botako baitzuketen", esan du EH Bilduk.
Foru aldundiak diruz laguntzen dituen ekimenen euskarazko testuen gutxieneko kalitatea zaintzeko "inoiz neurririk hartuko duen" galdetu dute batzarkideek. Halaber, jakin nahi dute ea diru laguntzarik eman al duen aldundiak komikia argitaratzeko.