Ostegun goizean Lantarongo eta Gaubeako telefonoek abisua emango dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko apirilaren 29a

ES-Alert abisua jasoko dute telefonoan. Argazkia: PEXELS

ES-Alert proba egingo du Espainiako Gobernuak Garoñako zentral nuklearraren ingurune osoan, larrialdietarako simulakro gisa.

Bihar, apirilak 30, 11:00ak aldera, ES-Alert sistemaren proba mezu bat jasoko dute Lantarongo eta Gaubeako herritarrek. Sistemaren eraginkortasuna ebaluatzeko estaldura proba bat baino ez da, Garoñako zentral nuklearraren kanpoko larrialdi plana aktibatu behar denerako. Abisua jasoko dute ere Burgosko hamabi herritan.

Honelako antzeko mezua jasoko dute Lantarongo eta Gaubeako herritarrek: "ES-Alert sistemaren simulazioa. Penbuko ES-Alert sistemaren estaldura aztertzeko simulazioa egiten ari da Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren inguruan. EZ DAGO ALARMA ARRAZOIRIK, PROBA BAT BESTERIK EZ DA".

Larrialdi edo hondamendi handiko kasuetan herritarrei abisuak emateko sistema da ES-Alert. Horren bitartez, telefono mugikorretara abisu bat bidaliko dute, alerta txistu bat igorriko duena. Alarmarekin batera, ordea, mezu lasaigarri bat igorriko dute, alerta hori proba bat besterik ez dela azalduz, eta ez benetako arrisku egoera bat.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago