Greba egingo dute Lantaron, Añana eta Gaubeako osasun langileek apirilean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko martxoaren 30a

2023ko protesta Espejoko osasun etxearen aurrean. Argazkia: PHOT.OK

Osakidetzako erizaintzako zuzendaritzak lantaldeak onartu eta adostu duen 2026ko lan egutegia atzera bota duela salatu dute langileek.

Bergonda, Lantaron, Salcedo, Espejo, Gesaltza-Añana eta Uribarri Gaubeako osasun profesionalek –medikuek eta erizainek–mobilizazioak eta greba iragarri dituzte apirilaren 13tik 17ra bitartean. Salatu dutenez, lantaldeak adostutako lana antolatzeko proposamena baztertu du Osakidetzako erizaintzako zuzendaritzak, eta berdina egingo dute medikuen egutegiarekin.

"Medikuen faltarekin bizi dugun egoera ezagututa eta jakinda landa eremuetako medikuntza plazak betetzea zaila dela, nork nahi izango du hona esklabotza erregimenean lan egitera etorri? Nork nahi izango du landa eremuko lanpostuetan jarraitu baldintza horietan?", galdetu dute.

Arrazoirik eman gabe

Profesionalek azaldu dutenez, gatazka 2026ko urtarriletik dator, Arabako Bailarak I eremuaren plantillan erizaintzako plaza berri bat sartu zenean. Horren ondoren, zuzendaritzak egutegiak negoziatzeko ezohiko prozesu bat ezartzeko prozedura agindu zuen. Erizaintzako langileen esanetan, prozedura hori "zorrotz" jarraitu dute, eta hainbat bilera egin ondoren, aho batez lortu dute lan egutegiari buruzko akordioa, eta, ondoren, erizaintzako zuzendaritzari aurkeztu diote.

Langileen arabera, proposamenak aukera ematen du Bergondako eta Lantarongo kontsultategietan erizaintza zerbitzuaren eskaintza handitzeko, eta, aldi berean, 2007/2009ko lan baldintzei buruzko dekretuan jasotako lan eskubideak errespetatzeko eta lana eta familia bateragarri egiteko.

Langileen esanetan, lan egutegi hori 2026ko urtarriletik egon da indarrean, baina erizaintzako zuzendaritzak jakinarazi berri die martxoaren 31tik aurrera ez duela onartuko taldeak negoziatutako egutegia. Gainera, azalpenak eskatu dituztenean "zuzendaritzak erantzun duen bakarra da proposamena ez datorrela bat araudiarekin".

Zerbitzuen murrizketak

Arabako bailaretako osasun langileek azpimarratu dutenez, zuzendaritzak ezarritako karteldegiarekin gehiegizko ordu gehiago sortuko dituzte, eta adibide gisa jarri dute apirileko karteldegiarekin bi profesionalek 35 orduko soberakinak sortuko dituztela. Alta, zerbitzu berriak kenduko direla ziurtatu dute, esaterako Lantarongo eta Bergondako erizain kontsultetakoak eta ostegunetan Bergondan egiten ziren odola ateratzeko kontsultak.

"Beti egon gara negoziaziorako prest. Hala ere, zuzendaritza ez da milimetro bakar bat ere mugitu. Hasieratik aukera bakarra aurreikusi dute, eurena. Gure eskubideak urratzen ari direla jakinda, lan egutegi bat ezarri digute kaltea eragingo diena gaixoei eta profesional guztiei".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago