Gezurra dirudi une honetan eta egoera dagoen moduan Osakidetzak diru publikoa xahutzea, inposaketaren bidez eta bere profesionalen eta erabiltzaileen eskubideak urratuz, lan edukirik gabeko plazak sortuz.
Zehazki Arabako Ibarrak I landa eremuko erizaintzako plaza berriaz ari naiz. Urtarrilean hasi zenetik martxora arte, Lantarongo pazienteak erizaintzako kontsulta eskaintza batetik (astean bi egun eta erdi) bost egunera igaro dira. Gainera, Bergüendako bizilagunek erizaintzako kontsulta esklusiboa izan dute beraientzat, erizaina Lantaronekin partekatu gabe, astean 3 egunetan. Baina, jakina, baliabideak handitzen direnean zerbitzu eskaintza ere handitu behar da.
Hala ere, Arabako ESIko erizaintzako zuzendaritzak Lantaron, Bergüenda, Espejo, Gesaltza Añana eta Uribarri Gaubea inguruko langileei ezartzen dien egutegiarekin (erizainen lantaldeak adostasunez egindako proposamenari entzungor eginez) langile berriak ez du erizaintzako arretaren eskaintza handiagoa ekarri, baizik eta 2026ko urtarrilean, otsailean eta martxoan egiten zen zerbitzuaren murrizketa.
Ezarri diguten egutegiaren arabera erizaintzako langile gehiago izan arren, zerbitzua ez da handituko. Aitzitik, lehen mailako arretaren funtsezko printzipioa hautsi da: erreferentziazko erizaina eta arretaren jarraitutasuna. Lanpostu berriak ez du atxikitako biztanleriarik izango, ezta kontsulta propiorik ere. Herri guztietan dauden erizaintzako postu guztietan bueltaka ibiliko den profesionala izango da.
Negoziazio prozesuaren eta taldeko profesional guztien artean lortu dugun adostasunaren gainetik pasa dira. Azalpenak eskatu arren, Inposaketarekin argi eta garbi erantzuten digute. Erantzunak harritu egin gaitu gure zuzendariak martxoaren 8an prentsan egindako adierazpenen ondoren: "entzuten jakitea, ulertzea, koordinatzeko eta gidatzeko gaitasuna izatea" oinarri duen lidergoaren alde egin baitu, eta "adiskidetzean aurrera egitea pendiente dagoen gaia" dela esan du; alta, ez ditu bere planteamenduak praktikan jarri, bere adierazpenetan aldarrikatzen dituen printzipioak dinamitatu egin ditu eta esandakoaren eta egindakoaren arteko koherentzia falta nabaria erakutsi du.
Adi egon, hartzen ari zareten bidea maldan beherakoa eta balaztarik gabea baita. Jakintsuarena da zuzentzea eta gu prest gaude beti elkarrizketarako, baina inposizioari aurre egingo diogu.
Uribarri Gaubea, Espejo, Gesaltza Añana, Bergüenda (Fontecha eta Larrazubi), eta Lantarongo erizaintzako profesionalak.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.