Gutxienez pertsona bat hil da eta beste bat larri zauritu da gaur goizean, 11:10 aldera, Lantarongo FML piroteknia lantegian izandako leherketa baten ondorioz. Zauritutako langilea helikopteroz eraman dute ospitalera, eta larrialdi zerbitzuek ingurua kordonatu dute segurtasun neurri gisa.
Ezbeharraren lekura Ertzaintzaren Lehergailuen Unitatea, Langraiz Oka eta Espejoko suhiltzaileak eta osasun baliabideak bertaratu dira. Koldo Salbidea Lantarongo alkatea ere lantegira joan da, gertatutakoaren xehetasunak eta biktimen egoera hurbiletik jarraitzeko asmoz.
Gaurkoa ez da Araban mota honetako gertakari bat gertatzen den lehen aldia. 2024ko irailean, antzeko eztanda batek hiru eraikin suntsitu zituen Berantevillako Valeceako piroteknian; orduko hartan ez zen zauritu larririk izan.