Salhaketak berri eman duenez, 35 urteko gizon bat hilik agertu zen Zaballako espetxeko bere ziegan iragan otsailaren 5ean. Bertsio ofizialaren arabera eta autopsiak berretsi arte, bihotzekoak jota hil da presoa.
Familiak adierazi duenez, presoa interfonotik deika aritu zen hil baino bizpahiru ordu lehenago, baina mediku arreta ukatu zioten, ziegak ireki arte itxaroteko esanez. Bizkaian bizi zen F.P.V izeneko presoa, eta emaztea eta lau seme-alaba zituen.
"Isiltasun ofiziala"
Arabako presoen aldeko elkarteak elkarretaratzea deitu du hilaren 13an, ostiralean, 12:30ean Andre Maria Zuriaren plazan, gertatutakoa salatzeko.
Espetxean gertatzen diren heriotzen aurrean zabaltzen den "isiltasun instituzionala" salatu du Salhaketak. "Heriotza hauen harira, familia, gizarte eta hedabideekiko komunikazio ofizialik eza eta opakutasun sistematikoa onartezina da. Familiek berandu jakiten dute, informazio partzial edo nahasgarriarekin, eta benetan zer gertatu den jakiteko bide argirik gabe", esan du elkarteak.
Salhaketak azpimarratu duenenez, hau ez da kasu isolatua ezta salbuespenezkoa ere, eta gogoratu du 2021ean Eusko Jaurlaritzak espetxe zaintzako eskumenak hartu zituenetik, "gutxienez hamar heriotzaren berri" izan dutela EAEko espetxeetan "arrazoi ez naturalengatik".
Ikerketa
Fiskaltzak heriotza hauen atzean dauden "kausa erreal eta estrukturalak" ikertzea eta publiko egitea exijitu du Arabako presoen aldeko elkarteak, "espetxeen kudeaketari dagozkion erantzukizunak bere gain hartuz". Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta, zehazki, haren Justizia zuzendaritzari eskatu diote presazko neurriak har ditzala prebentzioaren alorrean eta presoen osasun arreta bermatzeko.