Joan den astean, Solariaren hemeretzi proiektu fotovoltaiko eta horien ebakuazio azpiegiturak argitaratu zituen BOTHAk. Horietatik hamabi Arabako Haranetan kokatuko lirateke (Gaubea, Lantaron, Erriberagoitia, Erriberabeitia, Berantevilla eta Zanbrana). Era berean, argitaratu da Ekieneak, EAEko parke fotovoltaiko handienak, Erriberabeitin aldez aurreko administrazio baimena lortu duela.
Bada proiektu fotovoltikoen "zaparradaren" aurrean kontrako iritzia eta salaketa adierazteko dozenaka lagun bildu dira igande honetan Uribarri Gaubeako frontoiaren aurrean. Inguruko nekazariak ere hurbildu dira protestara traktoreekin. Lurraldearen aurkako "erasotzat" hartu dituzte bizilagunek makroproiektuak, eta Solariak eta berriztagarrien industriak lurraldea "kolonizatu nahi izana" salatu dute.
Solariaren eta Ekienearen proiektuak trantsizio energetikoaren bidean doazela ukatu du Arabako Haranetako Horrela Ez plataformak, eta erakunde publikoak, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia zehazki, enpresa horien konplize izatea gaitzetsi dute. "Solaria Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren oniritziarekin iritsi zen, eta enpresako horietako kargudunak orain EEEren eta Arabako Foru Aldundiaren karguak dira". Izan ere, plataformak zehaztu du Alvaro Saenz Energiaren Euskal Erakundeko Proiektu eta Berrikuntza zuzendari izendatu dute, eta Borja Garcia Otxoa Araba Garapen Agentziako zuzendaria". Garcia Otxoa da, plataformaren esanetan, Arabako Haranetako herrietan lur bila ibili dena "eta jabeei presioa egin diena".
*Argazkiak: PHOT.OK