Ipuin kontalaritza modan dago herrialdean. Bederen, Euskararen Egunaren inguruan antolatu diren ekitaldiei begiratzen baldin badiegu, hiriburuan eta herrietan mota guztietako ipuin kontaketak antolatu baitira. Ines Bengoa, Odei Arregi, Rosa Martinez eta beste hainbat izango dira herrialdeko plazetan.
Amelie Elizagoien eta Itziar Olague nafarrak, adibidez, abenduaren 12an hurbilduko dira Gaubeara, eta ipuin kontaketa musikatua egingo dute Eus-Karria Irakurketa Klubak hilabetero egiten duen topaketaren ondoren. 20:00etan da zita, udal liburutegian. Bi ahizpen artean eramaten zuten Ongi Etorri tabernaren historia kontatuko dute, biolak, gitarrak eta pianoak lagunduta.