Valderejok Starlight ziurtagiria eskuratu du

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 19a

Astronomiaz gain, inguruko natura, gastronomia eta ondarea nabarmendu ditu kuadrillak. Argazkia: AÑANAKO KUADRILLA

Aitortza honekin, dagoeneko bi dira eskualdean turismo astronomikorako helmuga ziurtatuak. 

Valderejoko natura parkeak astronomia behaketak egiteko moduko zeru gardenak eta baliabide osagarriak dituela egiaztatzen duen Starlight ziurtagiria jaso du, baliabide zientifiko, natural eta turistikoak indartzeko.  

Modu honetan,  kuadrillak "garapen jasangarriko ereduaren alde egindako apustua sendotu" egin du, erakundearen arabera. Arabako mendebaldean kokatuta, bertoko basoen 3.000 hektarea baino gehiago du. Biztanle dentsitate baxua eta argiztapen urria izanik, behaketa astronomikorako baldintza egokiak eskaintzen ditu. 

Kuadrillan bigarren ziurtagiria duen lekua da, Santa Katalinako lorategi botanikoa ere Starlight Helmugaren ziurtagiria baitu. Bi helmugak aintzat izanda, kuadrillak aldarrikatu du "astroturismo jasangarria" egin ahal izateko "erreferentziako" gune bilakatuko dela eskualdea, eta natura, gastronomia eta ondarearen alorrean dituen eskaintzak osatuko ditu. 

Ziurtagiri hauetan izan ohi den bezala, kuadrillak Lumínica Ambiental enpresaren bitartez egin du aintzatespena lortzeko kudeaketa, zuzenean emandako kontratu baten bidez, 13.000 euroko aurrekontuarekin. 

Esne Bidea, Lalastra gainean. Argazkia: SUSANA MALON / LUMÍNICA AMBIENTAL

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago