Arabako erakargarri turistiko berria aurkeztu dute aste honetan, Valdegobike izeneko online plataforma, Arabako Gaubea udalerria Euskal Herriko zikloturismorako erreferente bihurtzeko ekimena. "Arabako bihotzean dagoen paradisu ziklistaren sarrera" bezala definitu dute plataforma aurkezpenean.
Plataformaren webgune ofiziala martxan dago jada (valdegobike.com), ibilbideen deskarga eskaintzen du, eta udalerrian erabilgarri dauden zerbitzuak ere adierazten ditu: ostatuak, tabernak, jatetxeak, interesguneak eta kontsultarako kontaktuak. Gaubeako turismo bulegotik argitu dutenez, oraingoz gaztelaniaz bakarrik dago webgunea, baina aurki edukiak euskaraz ere eskainiko dituzte, eta ingelesez ere izango da irakurtzeko aukera.
Deskargarako GPS track-ak zailtasun maila desberdinekin eta profil zehatzekin aurkituko dituzte orrialdea bisitatzen dutenek, baita ibilbidean dauden interes historiko eta kulturaleko guneak, hala nola Villanañeko Varonatarren dorre-jauregia edo Tuestako Jasokundeko eliza.
Azaldu dutenez, garrantzi handia du ekimenak populazio dentsitate txikikoa den eta ingurune natural pribilegiatua duen udalerriarentzat. "Valdegobike eskaintza turistikoa dibertsifikatzearen, bisitari aktiboak erakartzearen eta bisitarien batez besteko egonaldia luzatzearen aldeko apustua da", azaldu dute.
Bizikletazaleentzat, bizikletaz ingurune jator batean gozatzeko alternatiba bat da, "masifikaziorik gabe", esan dute. Pedalei eragiteko gonbidapena mota guztietako txirrindulariei luzatu diete Gaubeako turismo bulegotik, "bakoitzak aukeratzen duen erritmoan, presarik gabe esploratuz".
Askotariko lau aukera
Orrialde berriak aurrez definitutako lau ibilbide ditu. Asfalto gainean nahiz zoru zakarrean azkar joateko aukera ematen duen gravel ibilbidea dago. Halaber, errepideetatik udalerriko herri txikiak ezagutzeko aukera ematen duen ibilbidea dago. Ibilbide luzeena, hiru egunekoa, Sai arrearen ibilbidea da, eta Gaubea osoa zeharkatzen du. Halaber, 2023ko apirilean inauguratu zuten Gaubea Flow Line izeneko jaitsiera zirkuituan ibiltzeko gomendioak jaso dituzte.
Angostoko kanpinean kokatu dute Valderejo-Añana BTT Zentroa, eta bertan txirrindularientzako zerbitzuak daude: tailerra, taberna, jatetxea eta ibilbideen informazioa. Gainera, zentroan zailtasun maila desberdineko zazpi ibilbide egiteko aukera ere ematen dute Añanako Kuadrilla osoan. Horien artean, Sobrongo ibilbidea da ezagunena –24,30 kilometro ditu–; eta erraz egin daitezkeen Espejokoa – 8,09 kilometro– eta Angostokoa –12,60 kilometro– nabarmendu behar dira.