Iruña-Veleia arpilatzeagatik bi lagun ikertzen ari dira

Juanma Gallego 2025eko urriaren 17a

Aztarnategia babesteko jarritako segurtasunen harira zuhurtzia eskatu du Del Valek. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Foru teknikariek testigu gisa epaitegian deklaratuko dutela iragarri du Del Valek, eta apiriletik espoliazio gehiagoren berri ez dutela izan esan du.

Iazko urtarriletik aurtengo apirilera arte Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoan izandako arpilatzeak baieztatu ditu Ana del Val Kultura diputatuak, eta horren harira bi lagunen kontrako salaketa eta prozesu judiziala abian direla esan du.

Elkarrekin Araba eta EH Bildu taldeek eskatu dute diputatuaren agerraldia Batzar Nagusietako kultura batzordean, eta kritikatu dute gaiaren inguruan hedabideen bidez izan dutela arpilatzearen berri. Del Valek argudiatu du lehen unetik gaiaren inguruan ez hitz egiteko gomendioa eman zietela, eta horregatik harritu zirela ekainean Ertzaintzak ustez detektagailu baten bitartez arpilatzen ari ziren bi lagun identifikatu zituztelako prentsa oharra bidali zutenean. 

Del Valek berretsi du auzia epaitegietan dagoela, eta ikerketan testigantza emateko foru teknikariak deituko dituztela epaileek.

Lehen sarrerak iazko urtarrilean atzeman zituzten. Aztarnategian lanean zegoen Qark enpresako kideek eman zituzten bertan arpilatzen ari zelako lehen zantzuak. Urtarrilaren 17an eremua aztertu eta 34 zulo zeudela ikusi zuten foru teknikariek, eta arpilatzeak ikusi zituen auzokide baten testigantza jaso zuten. Hil horren 24an Ertzaintzan salaketa jaso zuten. Iazko ekainean beste salaketa jarri zuten. Aztarnategiaren zati bat inguratzen duen hesi batean hiru zulo aurkitu zituzten ere, eta horietatik bat bederen gizaki batek egindakoa dela berretsi.

Aurtengo apirilaren 8an beste 25 zulo aurkitu zituzten 32. sektorean, hogei bat zentimetroko kubo baten tamainakoak. Ferra zati bat eta iltze bat berreskuratu ziren. Ondoren, apirilaren 18an Ertzaintzak bi lagun identifikatu zituen, bi detektagailurekin. Metalezko bost pieza eta hainbat txanpon atzeman zizkieten. 

Ikerketa abiatzeko Ertzaintzak mugimendua atzemateko ezkutuko kamerak jarri ditu aztarnategian, eta gaueko patruilak ezarri ditu ere. Halere, oposizioak segurtasunaren inguruan datu gehiago eskatu dituen arren, Del Valek zuhurtzia eskatu du. "Segurtasunagatik hartu ditugun neurriak ezin ditugu esan publikoki, eta pribatuan eman ditzakegu, baina bermatzen dizuet hartu ditugula", azaldu du.

Del Valek babestu du "lehen unetik etengabeko kolaborazioa" izan dutela miñoiekin eta Ertzaintzarekin, eta bat etorri da oposizioko ordezkariekin ikerketa "oso luzea" izan dela iriztean. Halere, argudiatu du ikerketa martxan den bitartean ezin dutela gaiari buruzko informazio gehiagorik eman. Baieztatu du, bestetik, apirileko identifikazioen ostean ez dutela izan arpilatze gehiagoren berri.

Diputatuak gogora ekarri du 2020-2021 urteetatik detektagailuen inguruan zein ausaz aurkitutako ondare elementuen gaineko kontzientzia pizteko kanpaina abian dutela, besteak beste udal guztiei gaiaren bueltako eskuorri bat zabalduz. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago