Folk musika eta dantzaren irrika asetzeko hitzordua

Erredakzioa 2025eko urriaren 16a

Igandean eskainiko du kontzertua Zuretalur hirukoteak. Argazkia: ZURETALUR

Folkirrika jaialdiaren laugarren edizioa ospatuko dute asteburuan.

Folk musika eta dantza batzen dituen Folkirrika jaialdia laugarrenez ospatuko dute asteburu honetan Kuartangon. Balfolk dantzaldi eredua ardatz, besteak beste, dantza eta musika ikastaroak, kontzertuak eta jam saioak izango dira urriaren 17tik 19ra.  Izena emateko ezinbestekoa da www.folkirrika.eus webgunearen bitartez egitea.

Jaialdia ostiral arratsaldean hasiko da, bi dantza ikastarorekin: balfolk dantza ohikoenen oinarrizko ikastaroa eta jauzien hastapen ikastaroa. Gauean, dantzaldia Ipar Euskal Herriko eta Frantziako bi taldek girotuko dute. Lehenengo, LafittEtxeberrIrungarai taldeak Iparraldeko doinu eta dantzak ekarriko ditu, eta ondoren, Bal O’Gadjo boskoteak ekialde hurbileko doinu bizi eta sortzaileekin alaituko du gaua.

Larunbatean yoga saio batekin hasi, eta hainbat dantza ikastaro izango dira jarraian: Balkanetakoak, Portugalgoak, fandangoa eta arin-arina, munduko jolas-dantzak eta bikote dantzak aberasteko teknikak. Musikarientzat jam-etan trebatzeko ikastaro bat ere egongo da. Arratsaldean familientzako plaza-dantzak egingo dira, eta gaueko dantzaldiak Portugalgo Natércia Lameiroren ahots, akordeoi, kitarra eta harparekin irekiko du, Okzitaniako doinu polifonikoak eskainiko dituen Peldrút laukotearen aurretik.

Igandea yoga eta dantza ikastaro gehiagorekin hasiko da. Jaialdia ixteko, Euskal Herriko bi talderen kontzertuak eskainiko dira: Zuretalur hirukotea eta Besaide hirukotea. Gainera, gauero dantzaldien ostean, jam saio irekiak egongo dira, musikari guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago