Zauritutako gabirai bat erreskatatu dute Fresnedan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko urriaren 12a

Ustez sare elektrikoarekin istripua izan duen gabirai bat (Accipiter nisus) aurkitu dute aste honetan Fresnedako bi lagunek herriaren bazter batean. Bizirik zegoen hegaztia, baina zauria zuen hegal batean eta ezin zuen hegan egin. Martiodako errehabilitazio zentroan dago gabiraia, eta sendatzen dutenean Gaubeara itzuliko da, Arkamuko mendilerroaren azpiko lursailak zelatatzera.

Martiodatik ohartarazi dutenez, garrantzitsua da hegaztiren bat edo beste animaliaren bat zauriturik aurkituz gero berehala 945-248515 telefonora edo 112ra deitzea. Arriskurik ez badago hartu behar da soilik animalia, eta hartuz gero onena da kartoizko kutxa zulodun batean sartzea. Ez zaie ez janaririk ez edaririk eman behar, eta ez da sendatzen saiatu behar. Garrantzitsua da, baita ere, animalia aurkitu den lekuaren erreferentziak hartzea. 

*Argazkiak: Estitxu Ugarte, Anavi Mugica, Teresa Andres.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago