Angostoko santutegiaren inguruan, Gaubean, ohiko nekazaritza eta abeltzaintza azoka ospatu dute igande honetan, irailaren 7an. Giro paregabea egon da goiz osoan: tokiko ekoizleen produktuak dastatzeko aukera izan da, umeentzako eta familientzako jolasak, Gesaltzako Bandaren musika, ganaduzaleen postuak, nekazaritza makineriaren erakusketa, taloak eta txanpiak…
Halaber, Gaubea-Palestina taldeak antolatuta, kontzentrazioa egin dute palestinarren genozidioa salatzeko eta Israelen kontrako neurriak exijitzeko. Berrehun bat lagunek parte hartu dute mobilizazioan. Taldeko bozeramaile batek adierazi duenez, "egoera jasanezina da Palestinan, genozidioa gertatzen ari da gure begi aurrean, baina instituzioek ez dute ezer egiten, eta erakundeek ez badute ezer egiten herria mobilizatu beharko da. Gure herria, gure harana, Gaubea, txikia bada ere, uste dugu zerbait esan behar genuela, eta hau da gure erantzuna Palestinaren genozidioaren kontra".
*Argazkiak: PHOT.OK