Lurpeko pasabide bat izango du Langraiz Okako tren geltokiak

Erredakzioa 2025eko abuztuaren 27a

Langraiz Okako tren geltokia erabat aldatuko da. Argazkia: ADIF

Lau milioi euroko inbertsioa duen proiektua urte honen amaieran lizitatzea aurreikusi du Adifek.

Langraiz Okako tren geltokian bidaiariak trenbidetik igaro ez daitezen lurpeko pasabide bat eraikitzeko proiektua aztertzen ari da Adif. Geltokiko nasetako altuera ere aldatuko da, trenen irisgarritasuna errazteko, eta geltokitik hurbilen dagoen nasa kenduko dute, gaur egun erabilerarik ez duelako.

Lau milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eskatzen duen proiektua Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak hartuko du bere gain, Eusko Jaurlaritzak batera finantzatzeko aukerarekin. Izan ere, Langraiz Okako geltokia modernizatzeko proiektua Altsasu eta Miranda Ebro arteko aldirietako zerbitzua hobetzeko Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren barruan dago.

Geltokiaren obra urte honen amaieran lizitatzea aurreikusten dute, eta behin esleitu ondoren, obrak egiteko urte eta erdiko epea kalkulatzen dute.

Segurtasuna eta irisgarritasuna

Gaur egun, Langraiz Okako geltokiak hiru nasa ditu, eta bidaiariek trenbidea zeharkatu behar dute nasaz aldatzeko. Jarduketa nagusia egungo pasabide hori kentzea izango da, eta, horren ordez, azpiko pasabide bat jarriko da.

Trenbide azpiko tunel horretarako sarbideak bi igogailu panoramikoren bidez egingo dira, eta bidaiariek eskailerak eta sartzeko arrapalak ere izango dituzte. Proiektuan, halaber, hobekuntzak aurreikusten dira argiztapenean, seinaleztapenean eta hiri-altzarien horniduran. Gainera, txartelak saltzeko sistemak berrikusiko dira eta makina saltzaileak instalatuko dira garraio bonuak erostea errazteko.

Bidaiarien eraikinaren alboko nasa, gaur egun erabilerarik ez duena, kendu egingo da, eta horrek ahalbidetuko du erabiltzaileen itxarote-eremuari zabalera handiagoa eta segurtasun handiagoa ematea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago