23 urteko gizon bat atxilotu dute astelehen goizaldean Añanan, 34 urteko gizon bat hiltzea egotzita. Ertzaintzak igande gauean jaso zuen abisua; biktimaren senide batek ohartarazi zuenez, beste pertsona batek eraso egin zion gizonari, eta, ondoren, ihes egin zuen.
Biloriako etxebizitza baten ondoan gertatu zen. Ertzaintza eta anbulantzia bat bertaratu ziren, eta egiaztatu zuten biktima hilda zegoela. Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuaren esku jarri zuten ikerketa.
Goizaldeko ordu bata aldera, agenteek susmagarria aurkitu zuten Añanan, eta atxilotu egin zuten, hilketa delitua egotzita. Ertzaintzak ikerketa zabalik du oraindik, eta atxilotua epailearen esku jarriko dute hurrengo orduetan.