Eraldatzeko gaitasun handia erakutsi du Sobrongo inguruak historian zehar. XIX. mendean ehunka turista erakartzen zituen bainuetxe ospetsua izatetik Iberdueroren ur-jauzia eta urtegiaren kokapena izatera igaro zen 1960ko hamarkadan. 1971. urtean, berriz, hamalau kilometrora kokatu zuen Nuclenorrek Garoñako zentral atomikoa eta 40 urtez Ebroko urak erabili zituen erreaktorea hozteko.
2012ko abenduan itxi zuten Garoñako zentral nuklearra, eta zama desagertu zenetik hamar urtera eraldaketa sakona bultzatu nahi dute mugako ingurune horretan Arabako zein Burgosko administrazioek. Europako Next Generation funtsek behar duen bultzada ekonomikoa emanen diote Arabako paradisu txikiari, eta Lantarongo Udalak Sobrongo bainuetxe zaharraren inguruak berreskuratzeko eta Ebro ibai ertzaren ingurumena eraberritzeko 497.327 euroko inbertsioa eginen du.
Ferrata bideak
Turismoari eta naturari begiratzen diote administrazioek, izan ere toki pribilegiatuan kokatua dago Sobron, Ebro ibaiaren ertzean eta Artzenako mendilerroaren hegalean. Kareharri hormatzarrak, baso masa trinkoz estalitako hegalak, errekastoak eta amildegiak, arroilak eta putzuak daude bertan; horiek guztiek oso erakargarri egiten dute eremu hori naturzaleentzat. Gainera, Sobronen dago erkidegoko itsas pinuaren gune natural bakarra. Horregatik guztiagatik 2000 Natura Sarean dago Sobron, eta Hegaztien Babeserako Zonalde Berezia da. Paradisu bilakatu da, beraz, hegaztizaleentzat.
Halaber, mendizaleentzat eta eskalatzaileentzat toki erakargarri asko ditu Sobronek. Ezagunenak La Cresta eta Harri Gorri ferrata bideak dira, zailtasun gutxitik handira doazen tarteekin. Dena dela, ezinbestekoa da Sobron Abentura bertako enpresan ferratetarako sarbidea aurretik erreserbatzea urteko garai guztietan, ingurunea masifikaziotik babesteko eta kirol jarduerak bertako faunaren bizimoduarekin bateragarri egiteko.
Ferratatik ez ezik, Ebroko arroilaren bista ederrak gozatu daitezke ere Sobrongo zubi gorritik Campanario mendira abiatzen den ibilbide malkartsua jarraituz. Igoera gogorrena eta ikusgarriena Trokako begiratokietan gora doa, eta hamar begiratoki deskubritzeko aukera ematen du, zein baino zein ikusgarriagoa.
Haitzuloa zeharkatu
Sobrongo mendietan sekretu gehiago deskubritu nahi izanez gero, El Mazo haitzaren hegal malkartsu batean, oharkabean pasatzen den haitzulo ederra dago. Haitzuloaren hondoan katazulo estu bat dago pertsona baten gorputza nekez igarotzen uzten duena. Ausartenentzat, eta haitzulo barruko pasabide txikia lehor badago, handik arrastaka sartuz gero, begiratoki eder batera iritsiko gara, eta han Sobrongo parajeen ikuspegi ederrez gozatu ahal izango dugu.
Basoak eta arroilak Sobrongo ondarearen parte diren neurri berean, Ebro ibaiak markatu du herriaren historia. Gaur, bainuetxearen faltan, ibaiaren inguruan ur kirolak praktikatzeko aukera eskaintzen du bertako abentura enpresak. Ur bareen emari handia aprobetxatuz kayak eta stand up paddle bezalako jarduerak eskaintzen dituzte.
Katamarana Ebron
Halere, ontzi handiagoak eta egonkorragoak eta abentura lasaiagoak nahiago dituztenek aukera dute, baita ere, Sobrongo haizpitartearen zatirik zabalena zeharkatzen duen katamarana estreinatzeko, mugaren beste aldera salto eginez gero.
Ekainaren amaieran martxan jarri dute Burgosko San Martin de Don herriaren ontziralekutik ateratzen den katamarana. Itsasontziak eguzki panelei esker nabigatzen du, propultsio elektrosolarrarekin, eta 60 lagunentzako lekua du.
Bermeoko ontziolan eraiki dute Sobrongo lehen katamarana eta bizkaitarra da halaber ontziaren kapitaina. Hasiera batean, 12:00etan eta 17:00etan aterako da itsasontzia, egunero, baina eskariaren arabera ere atera daitekeela aurreratu du Tobalinako Haraneko udalak. Momentuz irailera arte ibiliko da urtegian, eta udazkenean ikusiko dute bisitari kopuruaren arabera nola moldatu.
Zortzi kilometroko ibilbidearen hasiera eta helmuga Burgosko lurraldean egon arren, etorkizunera begira ez dute baztertzen Arabarekin akordioren bat egitea inguruan geldialdi bat egiteko. Kapitainak zaila ikusten du hori, katamaranak Tobalinillako zubia zeharkatu behar baitu haitzartearen Arabako aldera joateko; hori urtegia beherago dagoenean bakarrik egin dezake, eta urtegiaren uhateak zabaltzeko edo ixteko erabakia Iberdrolaren esku dago. "Iberdrolak ez du abisatzen noiz ireki edo itxi behar dituen ateak", esan du.
Sobron-Añanako Ekoetxea
Nobedadeak nobedade eta ingurunearen bizitasuna berreskuratzeko asmoarekin, Arabako aldean, Añana-Sobron Ekoetxea ireki dute, lehengo Uraren Museoaren lekukoa hartu duen espazioa. Ainhoa Diez de Salazar, Ihobeko Ekoetxea Sareko arduradunak azaldu duenez, Ekoetxea Sarearen barruan dagoen Arabako lehen zentroa da. Espazio berri hau dagoeneko sarean dauden lau zentroei batu zaie: Urdaibai eta Meatzaldea (Bizkaian), eta Azpeitia eta Txingudi (Gipuzkoan). "Eraldaketa honen bidez museoak bizitza berri bat hartu du eta ingurumen zentro izatera pasa da, ingurumen hezkuntzarako aukera zabalak eskaintzen dituen sare baten baitan, gainera. Uraren gaiak ardatz nagusi izaten jarraitzen du, bere jatorrizko funtzioari eutsiz", azaldu du Diez de Salazarrek.
Lehen hilabete hauetan jarduera ugari antolatu ditu Sobrongo ekoetxeak, eta bide horretan sakontzeko asmoa dute. "Sakondu ez ezik, eskaintza anitzagoa eta maiztasun handiagokoa izatea da asmoa. Lan horretan gabiltza poliki-poliki, eta hilero lauzpabost esperientzia eskaintzen ari gara, astebururo bat bederen, oso publiko anitzarentzat: familientzat, gazteentzat, helduentzat, inguruko elkarteentzat...
Helburua da jarduera dinamikoak eta parte hartzaileak eskaintzea, ingurumenarekiko harremana modu ludiko eta hezitzailean lantzeko. Bide horretatik jarraituko dugu, tokiko beharrak eta interesak kontuan hartuta, eta Ekoetxea Sarearen helburu pedagogikoekin bat eginez", esan du.
Halaber, oraintxe burubelarri dabiltza ikasturte berrirako ikastetxeentzako hezkuntza eskaintza prestatzen, bereziki arabarrei zuzendua egongo dena. Epe ertainera, berriz, Gatz Haranean beste zentro bat irekiko da, Sobrongoarekin batera ekoetxe beraren bigarren egoitza moduan funtzionatuko duena.
Elkarlanari eutsi
Ekoetxeak inguruko beste jarduerekin elkarlanean aritzeko asmoa du, eta dagoeneko harremanak eta lankidetza prozesuak martxan daudela esan du Ihobeko arduradunak. "Gure helburua da bizimodu jasangarriagoetara igarotzen laguntzea, eta horretarako, edozein arlotatik lan egiten duten eragileekin elkarlanean aritzea funtsezkoa da: izan turismo aktiboa, kultura, natura edo aisialdia".Hartara, ekoetxea ez dela zentro isolatu bat nabarmendu du Diez de Salazarrek. Horregatik, ferrata bidea, Sobron Abentura, Gatz Harana edo Añanako bestelako turismo jarduerak bezalako ekimenekin sinergiak bilatzeko lanetan dihardute, "bisitarientzako esperientzia osoagoak eta esanguratsuagoak sortzeko".
Urte osoan egongo da zabaik zentroa, astelehenetik igandera, urtarrilaren 1ean, urtarrilaren 6an, abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta herriko jaiegunetan salbu. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara. Larunbat, igande eta jaiegunetan: apirilaren 1etik urriaren 31ra: 10:00 – 14:00 / 15:30 – 19:00, azaroaren 1etik martxoaren 31ra: 10:00 – 14:00 / 15:30 – 18:00.
Diez de Salazarrek azaldu duenez, Añana-Sobron zentroak irekita egon den lehen hiru hilabeteetan 1.500 pertsona inguru jaso ditu. "Hala ere, zentroa ezagutarazten eta martxan jartzen goazen heinean, badakigu potentziala oso handia dela, eta bisitari kopurua nabarmen hazteko aukera dagoela".