Armiñongo Ekienea parke fotovoltaikoak sortuko duen energiari emango zaion erabilera dela eta, kezka agertu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. Ander Goikoetxea legebiltzarkideak jakinarazi duenez, Merlin Properties enpresak Arasurren sustatzen duen datu zentro erraldoia elikatzera bideratuko da parke fotovoltaikoaren energia.
Erabaki hori zuzentzeko eskatu die EH Bilduk Ekienea proiektuaren sustatzaileei, hau da, Eusko Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari, Iberdrolari eta Mondragon Taldeari. "Ekimenaren jatorrian zeuden printzipioekin koherenteak izan daitezela eskatzen diegu, gure lurraldean sortutako energia berriztagarria gure herrian errotutako eredu ekonomiko justu eta demokratiko baten zerbitzura jar dadin, eta ez espekulazio digital globalaren zerbitzura”.
EH Bilduk gogoratu duenez, Ekienea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako parke fotovoltaiko handiena izango da, 200 hektareako azalerarekin eta 126 MWko potentzia instalatuarekin, eta bere garaian trantsizio energetikoaren bidean urrats garrantzitsu gisa aurkeztu zen. Aldiz, bertan sortuko den energia guztia "kanpoko interes korporatiboen mendekoa" izango dela kritikatu du Goikoetxeak, "kontrol publikorik eta itzulkin sozialik gabe".
Euskal industriaren beharrak
EH Bilduren irudikoz, gainera, ez du inolako "zentzu estrategikorik" Armiñonen sortutako energia Ipar Amerikako Big Tech zentroei zerbitzua ematen dieten datu zentro pribatuei emateak, eta defendatu du energia hori Euskal Herriko enpresak, kooperatibak eta industria-sektorea hornitzeko erabiltzea. "Euskal industriak energia hori behar du bere ekoizpen-prozesuak eredu garbiago eta jasangarriago batera egokitzeko".
Halaber, Goikoetxeak Solariak Araban dituen planak direla eta kezka agertu du, antzeko datu zentro gehiago proiektatzen ari direlako, "lur industrialak okupatuz eta energia kantitate handiak kontsumituz". Izan ere, horrelako azpiegituren aldeko apustua, "digitalizazio estraktibista, energiaren salerosketa eta lurraldearen okupazioa" lehenesten dituela azpimarratu du, "gutxi batzuen mesedetan".
Horren ildotik, Goikoetxeak EH Bilduren apustua berretsi du: "Trantsizio energetiko justua, demokratikoki planifikatua, herriaren, sektore publikoaren eta tokiko ehun kooperatibo eta enpresarialaren beharrizanen zerbitzura. Bada garaia gure azpiegitura estrategikoen gaineko kontrol publikoa eta soziala berreskuratzeko".
Ingurumen baimena
EAEko parke fotovoltaiko handiena garatzeko aldeko Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena (IIA) lortu zuen maiatzaren amaieran Ekieneak. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregik adierazi zuen orduan Ekieneak energia garbia eta bertakoa sortuko duela, gutxi gorabehera 47.500 etxe hornitzeko eta atmosferara urtean 12.400 tona CO2 isurtzea saihesteko.
Gainera, Ekienea ezartzeak eremuaren garapen ekonomikoari lagunduko diola azpimarratu du Jaurlaritzak, eta inguruko biodibertsitatea errespetatuko duela. "Ekienea 200 hektareatan zehar hedatuko da. Horietatik 100 planta fotovoltaikoak hartuko ditu, eta beste 100, ingurumena konpentsatzeko eta baso eremuak zaintzeko lursailek".