Iruña-Veleian zirku bat dagoen baieztatzeko lanei ekingo diete

Erredakzioa 2025ko uzt. 2a, 10:02

Erromatar garaiko zirkuaren existentzia baieztatu nahi dute. Irudia: ARKIKUS

Aldundiak georradar bidezko prospekzioak eta sei kata egingo ditu udan, aire irudietan hartutako zantzuak baieztatu aldera.

Iruña-Veleian erromatar garaiko zirku baten egiturak benetan ote dauden argitzeko lanak egingo ditu aldundiak udan zehar, beste hainbat prospekziorekin batera.

Lanak burutzeko kontratua lizitaziora atera du foru erakundeak, 50.000 euro inguruko aurrekontuarekin. Oraindik esleitzeke dagoen kontratu horrek bi helburu nagusi ditu. 

Batetik, bisitarientzako informazio gune berria eraiki ahal izateko beharrezko arkeologia lanak burutzea, presuntzio arkeologiko altuko eremuan burutu beharreko lanak direla aintzat izanda. 

Bestetik, iaz Arkikus enpresako Javier eta Iker Ordoño ikertzaileek erromatar garaiko zirku baten egituren inguruan zabaldutako aurkikuntza baieztatu nahi dute orain. Izan ere, teledetekzioan oinarritu zuten aurkikuntza, aire bidezko irudien analisiaren bitartez, baina orain lurrean bertan egiaztatu behar dute egitura hori benetan existitzen den. 

Horretarako, georradarra erabiltzeaz gain, sei kata arkeologiko egingo dituzte. 2x6 metroko lagin zulaketak izango dira, hondeamakina bidez egindakoak. Laginketa horietan egitura arkeologikoak topatzekotan, eskuz egindako indusketari ekingo liokete. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago