Schubertaldiaren VIII. edizioak bost kontzertu eskainiko ditu Gaubean

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 29a

Uztailaren 12an joko du Trio Da Vinci taldeak. Argazkia: MAY ZIRCUS

Bartzelonako Associació Franz Schubert elkarteak antolatuta, Tuesta, Bachicabo eta Espejoko elizetan egingo dituzte kontzertuak.

Gaubeako Schubertaldiaren zortzigarren edizioan, uztailaren 4tik 26ra bitartean, bost kontzertu egingo dira, ohi bezala Bachicaboko San Martin eta Tuestako Andra Mariaren elizetan, eta baita, hirugarren urtez, Espejoko Salbatzailearen elizan ere.  Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, Gorka Salazar Gaubeako alkateak, Eduardo Fernandez de Pinedo Vital Fundazioaren ordezkariak eta Silvia Pujaltek, Franz Schubert Elkartearen eledunak aurkeztu dute jaialdia

"Schuberten Zisnearen Kantua, Straussen edo Griegen Pasioa edo Chaikovskiren ganbera musika; Christoph Prégarsenen jakinduria edo Beth Tayloren ahots sakona. Aurten ere, musikak bat egingo du Gaubeako paisaiekin eta ondarearekin", azpimarratu dute antolatzaileek.

Christoph Prégardien tenore alemaniarrak inauguratuko du Schubertaldia, uztailaren 4an, Tuestako elizan. Prégardien tenore lirikoen artean ospetsuenetakoa da, eta errezitaldi garrantzitsuetan parte hartu du. Julius Drake lagun izango du pianoan, eta Schuberten eta Duparcen obrak interpretatuko dituzte.

Hurrengo egunean, uztailaren 5ean, Beth Taylor meszosopranoa izango da Tuestako elizan. Nazioarte mailan ibilbide emankorra egin du, eta  hainbat aintzatespen jaso ditu. Talde eta pianista ospetsuekin eskaini ditu emanaldiak, besteak beste, Julius Drakekin. Izan ere, harekin partekatuko du emanaldia aurtengo  Schubertaldian, bestek beste, Schubert, Granados, Tailleferre eta Brahmsen konposizioak interpretatuz.

Espejoko Salbatzailearen elizan, uztailaren 12an, larunbatean, Trio da Vinci izango da. Maria Floreak biolinean, Blai Bosserrek biolontxeloan eta Alex Ramirezek pianoan osatzen dute taldea, eta Espainiako musika panoraman ganbera talde nagusietako bat bihurtu da. Floreak eta Bosserrek luthier katalanek egindako bi instrumentu jotzen dituzte: Eduard Sitjasen biolin bat, 2024koa, eta Jaume Bosseren biolontxelo bat, 2020koa.

Sterbyren debuta

Hurrengo larunbatean, uztailak 19, Matilda Sterby sopranoak eta Matti Hirvonen piano jotzaileak Grieg, Strauss, Peterson-Berger, Kuula eta Sibeliusen lanak eskainiko dituzte. Sterbyk errezital honekin egingo du Estatuan bere debuta. OperaWireko Rising Stars 2024ko hamar onenen artean dago, eta berehala nabarmendu da abeslari suediar garrantzitsuenetako bat bezala.

Schubertaldiaren 8. edizioaren amaiera uztailaren 26an izango da, Bachicaboko elizan, sokarako seikote baten parte hartzearekin: Bernat Prta eta Maria Florea biolinean, Noemi Funez eta Maria Rollo biolarekin eta Blai Bosser eta Oriol Prat biolontxeloan. Schulhoffen bi obra zoragarri eta Chaikovskiren Souvenir de Florence ezaguna interpretatuko dituzte.

Uztailaren 5eko, 12ko, 19ko eta 26ko kontzertuetarako abonuak 50 euro balio du. Lehen kontzertua abonutik kanpo dago. Sarrerak eskuragarri egongo dira hemen: tickets.kutxabank.es

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago