Anfibioen ugalketa errazteko berariaz diseinatutako putzua eraiki du URA Uraren Euskal Agentziak Bergantzun. Horren bidez, "inguru egoki bat sortu" nahi izan dute apo lasterkaria, igel berdea eta uhandre jaspeatua bezalako espezieek ugaltzeko eta babesteko behar dituzten elementuak eskainiz.
Ohar batean URAk gogora ekarri du anfibioak habitat naturalaren aldaketarekiko oso sentikorrak diren espezieak direla, eta horietako batzuk kaltebera edo babestu gisa katalogatuta daudela.
Anfibio gehienek bizi zikloa osatzeko kalitate oneko ur masa iraunkorrak behar dituzte. Apoen kasuan, gainera, babeslekuak behar dituzte, hala nola zuloak, zuhaixkak edo egur hila. Horregatik, diseinuan elementu naturalak sartu dira, besteak beste, altzairu korrugatuzko barrekin lotutako enbor gurutzatuak, ibai ibilguak mantentzeko lanetatik eratorriak, babesleku estrategiko gisa funtzionatzen dutenak. Erabiltzen ez zen ureztatzeko urmael zahar baten lekuan eraiki da putzu berria, ezkerreko ibaiertzean.
Lanek hiru asteko iraupena izan dute, eta 44.619 eurokoa aurrekontua, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren finantzazioa izan du.