Dario Ocio

"Uraren Ibilbideak eduki hezitzaileagoa izatea nahi dugu"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025ko mar. 21a, 07:00

Dario Ocio da Zanbranako alkateordea. Argazkia: ALEA

Uraren Ibilbidearen eta gazteluen sustapen turistikoarekin batera, Hiri Antolamendurako Plan orokorra lantzen ari da Zanbranako Udala.

Motore ekonomiko sendorik ez duen 450 biztanleko udalerri txikiaren beharrak asetzeko, goiko administrazioen babesa ezinbestekoa dela azaldu du Dario Ocio (Berantevilla, 1997) Zanbranako alkateordeak, "aurrekontuak ematen duelako ematen duena". Uraren Ibilbidearen egokitzapenari esker, eta Ozio eta Zabalateko gazteluak birgaitzeko eta sustatzeko proiektuei esker, naturarekin eta kulturarekin lotutako turismoa erakarri nahi du udalak.

PSEk irabazi zituen Zanbranan udal hauteskundeak, 16 urtez hautagaitza independenteak gobernatu ondoren. Kosta da aldaketa egitea?

Azken urteak arraroak izan ziren udalean. Kanpotik ikusten bazenuen, ni une horretan kanpoan nengoelako, eta bi aldeetako inor ezagutzen ez bazenuen, prentsan entzun eta irakurtzen zenuenagatik erraza zen ikustea egoera ez zela ona. 2023ko ekainean gu sartu ginen. Lau zinegotzi atera genituen, eta EAJk hiru; horietatik sei, alde batekoak zein bestekoak, berriak gara udalean, eta ez gara inoiz politikan egon. Beraz, hasieran kontua izan da zegoenari aurre egitea, kokatzea, gauzak nola zeuden jakitea, zer deialdi dauden..., egunerokoan pixka bat antolatzea. Ia urtebete behar izan dugu aurreko gaiak ixteko eta aurkeztu genuen programaren gainean funtzionatzen hasteko. Gero ikusten duzu programan nahi duzuna eraman dezakezula, baina errealitatera joaten zarenean egokitu egin behar duzula.

"Hilabete zailak bizi izan ziren Bergantzun, herriko jendea shock egoeran zegoen" 

Bi erakargarri kultural eta natural ditu Zanbranak: Zabalate eta Ozioko gazteluak eta Uraren Ibilbidea. Uraren Ibilbidearen masifikazioaz asko hitz egin da azken urteetan. Nola heldu diozue gai horri?

Uraren Ibilbideari dagokionez, kuadrillako turismo mahaiaren datuak ikusita, eskualdeko hirugarren baliabide bisitatuena da. Hau da, lehena, jakina, Gatz Harana da, gero Valderejoko natur parkea, eta gero Bergantzuko Uraren Ibilbidea. Aurreko legegintzaldian gertatu zena erokeria izan zen. Bat etorri ziren koronabirusaren ondorengo konfinamenduaren amaiera eta jendea probintziatik ezin ateratzea; beraz, jendea pilaka joan zen Bergantzura, bakoitza bere ibilgailu pribatuarekin; lursailetan aparkatzen zuten, bizilagunen etxeetako ateetan, ez zieten bizilagunei irteten uzten... Bergantzu 35 pertsonako kontzeju bat da, bost kale dituena, eta hilabete zailak izan ziren, jendea shock egoeran zegoen. Une horretan, udalak partzela bat erosi zuen, eta nahiko ondo funtzionatzen ari den disuasio aparkaleku bat egin zuen. Aparkalekuan, Bergantzuko herrigunean aparkatzeko debekua ezarri zen. Une honetan, 35 edo 40 ibilgailura mugatuta daukagu aparkalekua, eta hiru euro kobratzen dira.

Zer eragin izan du Uraren Ibilbidean masifikazioak?

Aldundiko Ingurumeneko teknikariek bidea bisitatu zuten, eta ikusi zuten goroldioak eta beste baliabide natural batzuk galtzen ari zirela: ibaiaren hegalak erortzen ari ziren, desegiten ari ziren; ibilbidea ospetsua da ur gardenagatik, ur-jauziagatik, eta ura kolorea galtzen ari zen. Beti gertatzen den bezala, jende edukatua joaten da ibilbidea egitera eta ingurumenaz gozatzera, baina batzuk hondartzako aulkiekin joaten dira, mahaitxoarekin, eta ibaian sartzen dira askaltzera edo bazkaltzera. Bergantzuko bizilagun batek ekimen bat aurkeztu zuen foru aurrekontu parte hartzaileetan, 2023an, eta horri esker, orain gauzatzen ari den proiektu bat egin da. Zuhaixkak landatu dira, eta hesi moduko bat altxatu da jendea edozein tokitatik igaro ez dadin, eta dena hondatu ez dadin. Gainera, zubi bat ere berreskuratuko da, eta interpretazio zentro bat eraikiko da etxe zahar baten ondoan. Uraren Ibilbideari eduki hezitzaileagoa ematea da asmoa, ez dadila soilik izan 30 gradu daudenean bainatzeko toki bat, baizik eta ikasleak joan ahal izateko eta naturaren interpretazioan sakontzeko.

"Martxoaren 30ean ospatuko ditugu Zikoinaren Eguna eta udala sortu zeneko urtemuga"

Jugalez ibaiaren egoera kezkagarriaz ere ohartarazi dute behin baino gehiagotan talde ekologistek eta udalak berak.

Gu sartu aurretik izan zen. Antza denez, ibaia lehortzen ari ziren, eta errekan gora esklusa moduko bat zegoen itxita. Istorio arraroak eta salaketak izan ziren, norbaitek esklusaren atea ixten zuelako eta beste batzuek berriz irekitzen zutelako, eta ura Guardiako baltsara zihoala ere esan zuten. Oraingoz emaria ondo dago, ez dago arazorik; ibaiaren emaria gehien ikusten den ingurunea Ozio da, eta hori da ere tokirik zaurgarriena, eta egon naizen azken aldietan ondo ikusten da. Hala ere, alkatea Ura agentziarekin harremanetan dago, Uraren Ibilbidearen gaian laguntzen ari delako.

Zein fasetan dago gazteluen birgaitzea?

Zabalaten, azken faseetako bat Omenaldiaren Dorrera igotzeko eskailera bat jartzea izan da. 2024. urtearen amaieran egin zen, azaroan. Orain, batez ere, mantentze lanak egiten ari gara. Aurten, batez ere, Ozioko gazteluarekin lan egiten ari gara buru-belarri. Udalak kudeatzen du birgaitzeko prozesua, baina diru laguntza ematen digute Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak eta Arabako Aldundiaren Kultura sailak. Kanpoko harresiak sendotu egin dira azken urteotan, eta nahiko ondo geratu da gaztelua; orain Omenaldiaren Dorrea sendotu egingo da. Fase hori aurten ondo amaitzen bada, gaztelua egonkortu egingo dugu.

Baduzue beste proiekturik gazteluen inguruan?

Edozer gauza egiteko finantzaketa Eusko Jaurlaritzaren kulturaekin eta Aldundiaren kulturarekin negoziatu behar dugu. Udal aurrekontuak ematen du ematen duena. Beraz, proiektu guztiak goi mailako administrazioekin itxi behar ditugu. Gaubean gertatzen den bezala, guri gustatuko litzaiguke baliabide turistiko asko izatea eta bizilagunak hortik bizi ahal izatea. Zanbranan landetxe bat daukagu, Zabalaten laster irekiko dute beste bat, eta Bergantzun ere beste bat ireki daitekeela uste dugu. Dena dela, Miranda Ebrotik eta Gasteiztik hain gertu egoteak asko zigortzen gaitu, jendea hona etortzen delako, baina Gasteizera doalako lotara.

Industriarekin lotutako proiektuak dituzue inguruan?

Teila fabrika duela urte batzuk itxi zuten, eta azenarioen enpresa ere itxi dute. Beraz, oraintxe bertan ardi-etxalde bakarra daukagu, txerri-etxalde bat, eta orain biodestilategiaren proiektuarekin gabiltza.

Noiz zabalduko dute biodestilategia?

Dena urbanizatuta dago, azalera guztia prest dute fabrika eraikitzen hasteko. Esan digutena da 2025aren amaieran, 2026an, martxan jarri nahi dutela. Udala iaz Arabako Ganberan egin zuten aurkezpenean izan zen, eta kalitate handiko bioetanola egitea dute helburu, bai osasun produktuetarako, bai lurringintzarako ere. Proiektu estrategikoa da, hau da, Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, baita Europak ere, eta erakunde askok babesten dute; izan ere, pandemia bat berriro gertatzen bada edo zerbait larria gertatzen bada, osasun eta higiene produktuak ekoizteko orduan Euskadi buruaskia izatea nahi dute.

Zer lehentasun ditu Zanbranako aurrekontuak?

Milioi bat euroko aurrekontutik gazteluetara bideratutako diru laguntza kentzen baduzu (350.000 euro), 600.000 euro inguru geratzen zaizkigu. Inbertsio handirik ere ezin dugu egin, beraz, adi gaude deialdi guztiei.

Nola hazi behar da Zanbrana?

Jende gaztea herrian geratzen ari da? Imajinatzen dut, Arabako herri gehienetan bezala, hemen ere gertatzen dela gazteek etxe bat lursail batekin erosi nahi dutela, eta une honetan ez dago lurrik. Garrantzitsua da lurra egotea gazteak herrian geratzeko. Izan ere, gaur gazte gehienak amonaren etxean edo gurasoen etxean daude, baina, noski, etxea eta lurra erosteko aurrezten ari dira. Zanbrana da antolamendu plan orokorrik ez duten Arabako lau udalerrietako bat, eta orain hasi gara HAPOa lantzen. Otsailean, ezohiko osoko bilkuran esleitu genuen proiektua egingo duen enpresaren kontratua, eta gutxi barru lehenengo bilera izango dugu enpresarekin, eta hasiko gara ikusten zer iritzi duten, eta herriak nondik haz daitezkeen.

Datorren martxoaren 30ean, bigarren urtez jarraian, Zikoinaren eguna ospatuko duzue. Itzuli da zikoina Zanbranara?

Ez. Festa iaz berreskuratu zen, zikoina 2020tik ez delako agertzen Zanbranan; eta aurten ere ospatzen jarraituko dugu, jendeari gustatu egin zitzaiolako. Zikoina itzultzen bada, gu pozez zoratzen gaude, hori baita egunaren jatorrizko helburua, baina bestela ere ondo pasatuko dugu. Zikoinaren Egunaren lehen edizioa, aro berria nolabait esateko, iaz egin zen; azoka bat eta kultur jarduerak antolatu genituen. Modu horretan berreskuratu egin zen 80ko hamarkadan edo 90eko hamarkadaren hasieran Zanbrana zikoinik gabe geratu zenean egin zen kalejira bat. Zikoinez mozorrotutako pertsona batzuk atera ziren orduan, zangoekin, eta, hori egin ondoren, zikoina itzuli zen.

Udalaren mendeurrenarekin lotutako jarduerak ere izango dituzue aurten?

Hori da. 1925ean, gaur egun udala osatzen duten lau kontzejuak udalerri bakar batean batu ziren: Bergantzuk, Oziok eta Zabalatek 1925era arte udal bakarra osatzen zuten, eta Zanbrana aparteko beste udal batean zegoen. Martxoaren 30ean emango diogu hasiera ospakizunari, eta jarduerek urrira edo azarora arte iraungo dute. Eusko Jaurlaritzaren Turis- mo sailaren finantziazioa lortu dugu, eta, horri esker, sei hilabe- te horietarako, bisita antzeztuak diseinatu ditugu. Lau egin nahi ditugu; kontzeju bakoitzean bana, herri horiek udal bakar batean biltzea erabaki zutenean zer egoera zuten eta bizitza nolakoa zen adierazteko. Oraintxe bertan gidoiak egiten ari dira, eta esan diezazuket lehenengoa Bergantzun izango dela, Gazteluen Egunean bertan egingo dugula, ekainaren 7an. Bigarren bisitaldi antzeztua Ozion izango da, abuztuan, herriko jaien bueltan. Zabalatekoa, berriz, urrian egingo dugu, herriko jaiekin batera; eta azkena, Zan- branakoa, irailaren 13an izango dugu. Urte osoan zehar, gainera, udalak antolatzen dituen bestelako jarduerak ere egongo dira, baina ardatz nagusia, denbora- rekin antolatu behar duguna, herrietan egingo diren bost bisitaldi antzeztu horiek dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago