Ekoetxea bilakatu da Sobrongo Ur Museoa

Erredakzioa 2025ko mar. 14a, 10:52

Añana-Sobron Ekoetxea irekiko dute martxoaren 22an. Argazkia: IREKIA.EUSKADI

Ekoetxea Sareak bere lehenengo zentroa irekiko du Araban, Uraren Munduko Egunarekin batera, martxoaren 22 eta 23ko asteburuan.

Eusko Jaurlaritzak Ihoberen bidez kudeatzen duen Ekoetxea Euskadiko ingurumen-zentroen sareak espazio berri bat prest du Lantaron udalerrian, Arabako lehenengoa, Ekoetxea Añana-Sobron izenarekin. Zentro horren ardatz tematiko nagusia ura izango da, lehengo Uraren Museoan kokatuta dagoelako.

Hemendik gutxira, gainera, espazio berri bat irekiko da, Gatz Haranean, Ekoetxea Añana-Gatz Harana izenekoa; eta modu horretan, Ekoetxea bakarra izango da Añanako espazioan, bi egoitzarekin: bata Sobronen eta bestea Gatz Haranean. Gesaltza Añanako espazioaren lizitazioa laster egingo da

Ekoetxe berria martxoaren 22an inauguratuko dute Eusko Jaurlaritzako, Arabako Foru Aldundiko eta Lantarongo udaleko ordezkariek. Erakunde horiek instalazioak bisitatuko dituzte, eta egun horretatik aurrera bertan eskainiko diren esperientziak ezagutuko dituzte. Irekiera berri horren aurrean, Josu Bilbao sailburuordeak azpimarratu egin du proiektuan inplikatutako instituzio guztiek erakutsitako lankidetza ona, eta adierazi du “Ekoetxea Añana-Sobron balio natural eta hidrologiko handiko ingurune natural batera iristeko ate bikaina da, eta horrek ahalbidetzen digu ingurumen hezkuntza bereziko esperientzien eskaintza bat egitea, hots, urarekin eta honek ingurumenerako duen garrantziarekin lotutako eskaintza berezi bat".

Programazio berezia

Ekoetxea asteko egun guztietan egongo da zabalik publikoarentzat, eta ingurumen-hezkuntzan espezializatutako pertsonalak emango du arreta. Une honetatik aurrera, zentro horretan garatzen den jardun osoa Ekoetxea sarearen webgunean kontsulta daiteke, www.ekoetxea.eus, eta baita sare sozialen profiletan ere.

Uren Munduko Egunarekin batera, martxoaren 22 eta 23rako, Arabako ingurumen zentro berriak programazio berezi bat du aurreikusita. Martxoaren 22rako –larunbata–, adin guztietarako diseinatutako jarduera bereziak antolatu dira. Jardunaldia 11:00etan hasiko da, Ura ez da ura bakarrik ekimenarekin: uren dastaketa bat, Israel Gómez sommelierrak gidatua. Saio horretan, bertaratzen diren pertsonek leku desberdinetako urak dastatu ahal izango dituzte eta haien mineralizazio graduez, zaporeez eta sendatze erabilerez ikasi. Jarduera hori helduengana zuzenduta dago eta guztiz doakoa da.

Arratsaldean, berriz, 16:00etatik 17:30era, familiak gonbidatuta daude Uraren memoriak izeneko ginkana familiarrean parte hartzera. Parte- hartzaileak “uraren zaindari” bihurtuko dira, eta ginkana batez gozatuko dute urak modelatutako lurraldetik eta Sobrongo Bainuetxearen historiatik. Jarduera hau doakoa da eta 3 urtetik gorako haurrak dituzten familiei zuzenduta dago.

Martxoaren 23an -igandea- jarduerek jarraituko dute. 12:00etan, haurrek Kantu Kantari, Ura Dantzari ipuin kontalariaz gozatu ahal izango dute. Jarduera hau doakoa da eta 12 urterainoko haur eta gazteei zuzendutako dago.

Azkenik, 16:00etatik 17:30era, bidaia sentsorial bat eskainiko da Sobrongo haitzartetik, Neønymusen La Dama del Lago ikuskizunarekin. Jarduera hau ere doakoa da.

Zer da Ekoetxea sarea?

Ekoetxea-Euskadiko ingurumen zentroen sarea EAEko gune estrategikotan kokatutako bost espazioz osatuta dago. Urdaibai eta Meatzaldea, Bizkaian; Txingudi eta Azpeitia, Gipuzkoan; eta Ekoetxea Añana–Sobron, Araban. Zentro bakoitzak bere ingurunera egokitutako jarduerak eskaintzen ditu, hala nola erakusketak, tailerrak, ibilbide gidatuak eta hezkuntza-programak.

2024an, 140.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu zuten Ekoetxea sareko ingurumen-zentroren bat, eta zifra horrek marka guztiak hautsi ditu. Bisitari horietatik, 28.000 Euskadi osoko ikastetxeetatik etorritako ikasleak izan dira. Azpimarratzekoa da bisitariek adierazitako gogobetetasun handia, zeren esperientziari 9,3 puntu eman baitizkiote, 10 puntutatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago