Iruña-Veleia Argitu, Ez Suntsitu plataforma osatzen duten hiru elkarteek kezka adierazi dute azken urteetan hondeamakinak "sistematikoki" erabiltzen ari direlako indusketetan, eta salatu dute eremu arkeologiko oso aberatsak suntsitzen ari direla.
Ohartarazi dutenez, indusketa arkeologikoetan hondeamakina soilik erabili daiteke 50 zentimetroko sakonera soilik kentzeko, ez hondatzeko azpian egon daitezkeen elementu arkeologikoak. Salatu dute Iruña-Veleiako zonaldean lau metroraino sartu dituztela hondeamakinak, "bitarteko estratu guztiak eraitsiz".
Suntsiketa salatzeko manifestazioa deitu dute plataformatik, martxoaren 30ean izango da, Arabako Foru Aldunditik abiatuta 12:00etan. Bibat museotik igaroko dira, "grafitoak han omen daudelako", eta Andre Maria Zuriaren plazan amaituko da.
Grafitoak datatu gabe
Adierazi dute grafitoak datatu gabe ezin dela esan faltsuak direnik, eta Aldundiari leporatu diote euskara eta euskal kultura defendatzen dutela esan bitartean aztarnategiari eraso egitea. Gogorarazi dute Eliseo Gilek 2007an eskatu zuela 50 grafito datatzea, baina "egin gabe jarraitzen dutela".
Iruña-Veleia ukatzeko arrazoien artean aipatzen dute euskalduntze berantiarraren teoria. "Hau da, hemen zelta egiten zela erromatarren garaian, eta ez euskara". Gezurra dela salatu dute, eta hori agerian geratu dela Irulegiko Eskua eta Lantzeko hitzarekin, besteak beste.
Suntsiketaren irudiak
Iruña Veleia Argitu plataformatik bideo bat osatu dute, "txikizioa dokumentatzeko". Hemen ikus daiteke plataformako kideen azalpena.
Bestalde, indarrean dago oraindik sinadura bilketa, "suntsiketa gelditzeko" eskatuz. Hemen sakatuta sinatu daiteke eskaera.