Lurrak alokatzeko eta bertan planta fotovoltaikoak jartzeko Solaria energia enpresak proposatzen duen kontratu eredua aztertu du Horrela Ez Gaubea taldeak; eta lurraren jabeak kaltetuko lituzkeen hainbat klausula aurkitu ditu. Horregatik, orri informatibo bat banatzen ari da Gaubeako herrietan, bizilagunak ohartarazteko. "Solariaren kontratuetan esplizituki jasotzen ez duten hainbat atal, oso arriskutsuak izan daitezke sinatzen dutenentzat", azaldu du taldeak.
Gaubean negoziatzen saiatzen ari den kontratu horietan, lurra alokatzen duenaren aldean, Solariak eskubide asko gordetzen dituela jaso du Horrela Ez Gaubeak. Eskubide horien artean leudeke lurra lagatzea, kontratua hirugarren bati transferitzea, baita edozein finka osorik edo zati batean berrakuratzea ere, errentatzaileari lagapenaren idatzizko jakinarazpenik egin gabe. Gainera, errentatzaileak ezin izango luke berrakuratzearen kontra egin.
"Erretiroa hartuz gero, gutxienekoetarako osagarria galduko du nekazariak"
Halaber, taldearen arabera, konfidentzialtasun klausula bat ezartzen du Solariak kontratuetan. "Kontratua sinatzeak suposatzen du ezin dela hirugarren bati azaldu ezer kontratu horren inguruan, ez kontratu bera sinatu dela ez inolako informazio edo dokumentaziorik. Zer ezkutatu behar da hain isilpean?", galdetu dute.
Ordainketa ugari
Bestalde, ohartarazi dute lurraren jabeak plakek hartzen duten lursailagatik bakarrik kobratuko duela, eta ez kontratuan sinatutako hektareengatik. Gainera, lurraren kalifikazioa aldatu beharko dela azpimarratu du taldeak, nekazaritza lurzorutik industria lurzorura, eta horren kostua nekazariak hartuko lukeela. "Solariak Ezaugarri Bereziko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (BICE) ordaintzeko konpromisoa hartzen du, baina 2. fasean bakarrik. Kalifikazioa 1. fasean egin behar da, ez baitago baimenduta nekazaritza erabilerako lurretan plaka fotovoltaikorik instalatzea. Jabeak bere gain hartu beharko du ordainketa hori", jaso dute.
Lurraren jabeek BEZa duten fakturak jaulki beharko dituztela azpimarratu du taldeak, hiru hilean behin likidazioak egin beharko dituzte, diru-sarrerak errenta aitorpenean (PFEZ) aitortu beharko dituzte, eta honako ondorio hauek izango dituzte: "erretiroa hartuz gero, gutxienekoetarako osagarria galduko dute; ezkontidea bada ordainketa jasotzen duena, ardurapeko ezkontideagatiko osagarria galduko dute; Erregimen Orokorreko Enpresa Jarduera gisa diru-sarrerak aitortu beharko dituzte, urtean 12.000 eurotik beherako diru-sarreretan gutxienez %24 zergapetuz, %47ra arte igo arte".
"Solariak kontratua hirugarren bati transferitzen badio, jabeak kendu beharko du instalazioa"
Solariak proposatzen duen kontratuan badira ere jasotzen ez diren zenbait alde. Esate baterako, plaka fotovoltaikoek ingurunean eragin ditzaketen kalteak zeinek asumitu behar dituen. Horrela Ez taldearen esanetan, kontratuak ez du jasotzen "nork ordainduko dituen ondoko finkei instalazioak eragin diezazkiekeen kalteak eta galerak, plaketan erabilitako produktu korrosiboen eta koipeen ondorioz gerta daitekeen akuiferoen kutsadura, instalazio horiek lurzoruaren tenperatura igotzearen ondorioz sortu ahal diren suteak, edo instalazioa hozteko ura behar ez bezala erabiltzea".
Eta kontratua amaitzen denean?
Behin instalazioaren bizitza teknikoa iraungitzen denean, Horrela Ez taldeak zalantzan jarri du Solariak bere gain hartuko ote duen plakak eta instalazioak kentzea. Printzipioz, jabeek alokairu kontratu bat sinatu dute, eta, horren arabera, Solariak 40 urte eta gero, lurra itzuli beharko du gaur egun dagoen egoerara, eta instalazioa desmuntatu behar du. "Baina Solariak kontratua behar baino lehen baliogabetzen badu, edo hirugarren bati transferitzen badio, jabeak kendu beharko du instalazioa, eta izugarri handia da plakak desegitea eta hondakinen tratamenduaren kostua", azaldu dute.
Gainera, jabeak kontratua bertan behera uzten badu, instalazioa kentzearen gastuak bere gain hartuko ditu. "Gainera, jabeak lur pobretua aurkituko du, plakek hartzen duten eremua landaretzaz garbi mantentzeko fitosanitarioak erabiltzen baitira. Azkenean, jabeak berritu beharko du lurzatia", ondorioztatu dute.