Añanako Kuadrillak makroproiektuen inguruko mozioa eztabaidatu ez izana kritikatu dute

Erredakzioa 2025ko urt. 30a, 11:29

Dozenaka herritarrek parte hartu dute Ribabellosako kontzentrazioan. Argazkia: HORRELA EZ

Horrela Ez plataformak "trantsizio ekosozialean parte hartze demokratikoa" bermatzea eta "udalei eskumenak itzultzea" eskatzen du mozioan.

Añanako Kuadrillako osoko bilkurak Horrela Ez plataformak aurkeztutako mozioa baztertzea erabaki zuen asteazken arratsaldean. Makroproiektu fotovoltaikoak eta eolikoak ezartzearen aurka agertzeko eskatzen zuen testuak. Plataformak kritikatu du erabakia, eta azpimarratu du mozioa denborarekin aurkeztu arren, kuadrillako presidenteak ez zuela sartu eguneko gai zerrendan, eta batzarraren gehiengoak, EAJ eta PSEren bederatzi botoekin, ez zuela onartu premiaz eztabaidatzea. Gainontzeko taldeak –Ribera Baja Bizirik, EH Bildu eta PP–, ordea, eztabaidaren alde agertu ziren.

Kuadrillako osoko bilkura egin bitartean kontzentrazioa egin du plataformak, Ribabellosako Foru plazan. Horretan azpimarratu dute Añanako Kuadrillak albo batera utzitako mozioa eskualdeko kontzeju askotan eta udal gehienetan onartu dela, tartean Lantaronen, Erriberabeitin, Erriberagoitin, Berantevillan, Armiñonen, Gaubean, Zanbranan, eta Kuartangon.

Mozioan "trantsizio ekosozialean parte hartze demokratikoa" bermatzea eta "udalei eskumenak itzultzea" eskatzen du plataformak. "Herritarren inplikazioa lortzeko eztabaida demokratiko hori bultzatu beharrean, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak Lurralde Antolamenduari buruzko Dekretuaren, Lurralde Plan Partzialaren, Lurralde Plan Sektorialaren eta abarren bidez, udalei eskumenak kendu dizkiete eztabaida eta erabakitzeko gaitasun hori gerta ez dadin", esan dute.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago