Milioi bat euroko aurrekontua adostu dute PSEk eta EH Bilduk Iruña Okan

Erredakzioa 2025ko urt. 23a, 08:18

Errota zaharrean gizarte zerbitzuak kokatu nahi dituzte. Argazkia: PHOT.OK

600.000 euroko konpromiso kreditua adostu dute, errota zaharrean gizarte zerbitzuak kokatzeko datozen urteetan egin beharreko lanetara bideratzeko.

"Bi taldeen arteko sintonia onaren adierazle" da, EH Bilduren esanetan, Iruña Okako 2025eko aurrekontuak talde abertzalearen eta PSEren artean sinatu izana. Izan ere, hirugarren aldia da bi udal taldeek aurrekontu akordioa adosten dutela Añanako Kuadrillako udalerri nagusian.

Iruña Okako EH Bilduko bozeramaile Davide di Paolak aurrekontu akordioaren alde onak nabarmendu ditu: "Akordio honen bidez, Iruña Oka funtsezko tresna ekonomiko batez hornitu nahi izan dugu, datozen urteetako erronka handiei arrakastaz aurre egiteko, gizarte kohesiorako eta udalaren modernizaziorako funtsezko zutabeak ezarrita", esan du.

Aurrekontua milioi bat eurokoa da,  diru partidak eta konpromiso kredituak barne hartuta. "Etxebizitza, gizarte politikak eta ingurumena ditu ardatz nagusi", azaldu du EH Bilduk  baita bestelako partida batzuk ere euskararen sustapena edota hurbileko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko.

Partidarik handiena errota zaharrari bideratuko zaio. Eraikin horretan gizarte zerbitzuetako baliabideak kokatzeko ikerketa bat egingo du udalak, eta guztira, 600.000 euroko konpromiso-kreditua adostu dute, datozen urteetan egin beharreko lanetara bideratzeko. Indarkeria matxista edota haurren aurkakoari arreta emateko laugarren gizarte langile baten kontratazioa ere adostu dute EH Bilduk eta PSEk. Halaber, gizarte-jantokia handitu eta hobetzeko partidak aurreikusten dira akordioan.

Etxebizitzak babestu

Bestalde, 100.000 euroko partida hitzartu dute etxebizitza babestuak eraikitzeko zorua erosteko, baita bestelako partida txikiagoak ere etxebizitzak birgaitzeko. Hirigintza arauak aldatzeko aukera ere hitzartu dute etxe zahar edota baserriak etxebizitza bihurtu ahal izateko.

Ingurumenari dagokionez, 50.000 euro bideratuko dira espazio publikoetan plaka fotovoltaikoak jartzeko, eta 20.000 euroko partida bat erreserbatu dute abeltzaintza eta nekazaritza jasangarria sustatzeko. Udalerrian amiantoaren presentzia kontrolatzeko partida bat ere adostu dute. 

Bestelako partida txikiagoak ere adostu dituzte EH Bilduk eta PSEk, hala nola udalerriko merkataritza eta ostalaritza babesteko 25.000 euro eta beste hainbeste hurbileko merkataritzako azoka zabaltzeko. Euskara sustatzeko, berriz, 16.000 euroko partida jaso dute akordioan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago