Datu zentro erraldoia zabaldu dute Ribabellosan

Erredakzioa 2024ko abe. 4a, 10:14

Datu zentroaren instalazioen bisita egin dute agintariek. Argazkia: IREKIA

Jardun horretarako EAEk duen "kokapen geoestrategikoa" goraipatu du Pradales lehendakariak Bilbao-Arasur Data Center izenekoaren inaugurazioan.

Bilbao-Arasur Data Center izenekoaren lehen eraikina zabaldu dute Ribabellosan. Orotara, Merlin Properties enpresak sei pabiloi eraiki nahi ditu egitasmo horren barruan, "Espainiako eta Europako" datu zentro handienetako bat sortu aldera. 

Besteak beste, datu andana behar dituen adimen artifizial generatiboa bezalako teknologietarako erabiliko dute, eta, enpresaren arabera, bertan dauden azpiegiturak uraren beharra ez duten hozte sistemak erabiliko ditu. Horrez gain, ziurtatu dute erabiliko duten energiaren jatorria "%100ean berriztagarria" izango dela.

Besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria, Mikel Jauregi Industria sailburua eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia egon dira atzo egindako inaugurazio ekitaldian. Bertan, egitasmoaren garrantziaz jardun du Pradalesek. Haren esanetan, "datuaren ekonomiarako azpiegitura berrien sustapenean" egindako "urrats garrantzitsua" da pabiloi berriaren sorrera. "Badakigu ekonomia berria digitala dela", esan du, eta gaineratu du horrek berekin dakarrela azpiegitura digitalak sortzea, "konektibitate handiagoa, balio handiko zerbitzu teknologiko berriak, eta haien inguruan eratzen ari den ekosistema oso bat" sortzeko. 

EAEren "kokapen geoestrategikoa" nabarmendu du Pradalesek. Lehendakariaren ustez AEBren eta Europaren artean kable digital transozeaniko handiak iristeko puntua izateak abantaila dakar, eta horrekin komunikazio digitalerako lortzen den "oso latentzia baxua" argudiatu du. "Adimen artifizialari, zibersegurtasunari, 5.0 industriari edo teknologia kuantikoei lotutako proiektu berriak bultzatzen ari gara", goraipatu du.

Duela gutxi hautsak harrotu dituen Mario Draguiren txostenari erreferentzia egin dio Pradalesek. Bertan, Draguik zioen Europa atzean geratzeko arriskuan zegoela, bereziki AEB eta Txina bezalako erraldoi ekonomikoen aurrean. Harekin bat eginda, Pradalesek dio azpiegitura digitalean inbertitzea "funtsezkoa" dela "Europa lehiakorra izaten jarraitzeko". Gauzak hala, "erabaki ausartak" hartzeko beharra nabarmendu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago