Langraiz Okako menesiarren komentuan Jardin Remoto Experience sinposioaren bigarren edizioa egin dute joan den asteburuan. Besteak beste, erakusketa eta liburu aurkezpenak egin dituzte, sona handiko argazkilariek beren hitzaldiak eman dituzte, eta parte hartzaileen paper zorroak berrikusi dituzte, Sandra Remon Jardin Remotoko kideak kronika batean azaldu duenez.
Hilaren 8an Ana del Val Kultura diputatuaren eta Mitxel Montes herriko alkatearen parte hartzearekin inauguratu dute herriko gizarte etxean hainbat argazkilaritza proiektu biltzen dituen erakusketa. Ondoren, aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin egindako sinposioari berari ekin diote parte hartzaileek. Abaguneaz baliatu dira ere Jardin Remoto Books foto-liburu bilduma aurkezteko. Bildumaren lehen zenbakia Marta Momu Madrilgo argazkilariaren eskutik etorri da, Flama izenburua eman diotelarik. Gustavo Bravo irakaslearen laguntzarekin, Momuk bi urtez ondu du lana. Liburua aurkezteko ikus-entzunezko batez baliatu dira ere.
Lehen egunean, Jardin Remotoko eta IDarteko ikasleek beren argazkilaritza proiektuak aurkeztu dituzte. Hala, Carol Cubek Saudade bilduma azaldu du. Gasteizko Amarica aretoan ere egon da Cuberen lana, ArabaClick jaialdiaren barruan. Elena Beltran de Guevarak, berriz, 17:30 aurkeztu du, artxibo argazkilaritzan abiatuta, duela 30 urte izan zituen esperientziak bere seme-alabekin irudikatuz.
Jorge Bravok, lau urteko emaitza izan den Iara liburuaren berri eman du, "aita eta alaba baten arteko konplizitatea" azaltzen duen lan batean. Endika Diazek, berriz, Arde la niebla aurkeztu du; Angel Valenciak, Hoy es aún, eta Irati Cernadasek, ‘Oroimina’. Ilya Ruido eta Ander Fernandez ikasleek ere bere ekarpenak aurkeztu dituzte.
Larunbata hitzaldien eguna izan da. Hala, Laura San Segundok "irudiekin hausnartzeko duen gaitasun paregabea" erakutsi du. Ricardo Casesek, berriz, gehien bat lan dokumentaletara bideratu duen bizitza osoko lanaren birpasa egin du. Beti “aurretik egin ez duen zerbait egiten” ahalegindu dela nabarmendu nahi izan du.
Valentziako Tapas Duras estudioko Laura Donate, Blanca Sanfelix eta Mati Marti diseinatzaileek beren liburuak aurkeztu dituzte; tartean, Jardin Remotok bultzatutako bildumaren lehen zenbakia.
Argazkilaritzak izan dituen bi aldaketaren inguruan aritu da Jose Manuel Navia. Batetik, artista asko argazkigintzari lotu izana, azken hau "aberastuz". Bestetik, zaletuen sarrera ere nabarmendu izan du, bigarren faktore bezala. Un reino maravilloso azken liburua azaldu du ere.
Ruth Montiel Ariasek, berriz, argazkiak ikusteko eta irudiaren gaineko azterketak irakurtzeko beharra azpimarratu du, eta, besteak beste, bere ibilbidearen hasieran naturan egindako esku hartzeen inguruan aritu da. Azkenik, Aleix Plademuntek, gizakiek munduan duten jarrerak birpentsatzeko gonbita egin du; beti ere, irudien arteko harremanak abiapuntu izanik. Amaitzeko, zortzi hizlariek eta beste hainbat profesionalek parte hartzaileen paper zorroak berrikusi dituzte.