Sobron Garaian dagoen soldadu aleman baten hilobitik abiatuta, Un nazi en Sobrón (Uzanza) izeneko bosgarren eleberria argitaratu du Kepa Menendez (Bilbo, 1961) idazleak. Ohi bezala, benetako gertakarietatik abiatu da Menendez thriller bat idazteko.
Nola abiatu zen istorio hau idazteko ideia?
2019an Gasteizko egunkari batean argitaratu zen artikulu batetik abiatu zen. Julio Corralek eta Marian Tarazonak idatzitako artikulu horretan, soldadu aleman baten hilobiaz hitz egiten zuten. Sobron Garaiko hilerrian zegoen hilobi hori. Bigarren Mundu Gerraren zale amorratua naizenez gero, horrek atentzioa eman zidan. Are gehiago, aintzat hartzen badugu hori gure probintzian bertan gertatu zela. Baina nik artikulua pandemia eta konfinamendu betean irakurri nuen. Ezaguna denez, garai horretan bidaiatzeko modu bakarra Google Mapsen bitartez zen. Askotan berrirakurri nuen artikulua, bertaratzeko gogo handiarekin. Bada, behin konfinamenduaren murrizketak altxatu zirela, joan nintzen lehen tokietako bat izan zen Sobron. Hala, hilobia lehen eskutik ikusi ahal izan nuen, eta oroitzen naiz, gainera, nirekin zihoazen emazte eta alabari artikulua hor bertan irakurri niela. Hauek ez zuten ezagutzen bidaia horren motiboa, eta, behin istorioa ezagutu zutela, ni bezain harrituta geratu ziren.
Corral eta Tarazonarekin bestelako harremanik izan al duzu geroztik?
Bai. Nik garai horretan ez nituen ezagutzen, baina, ondoren, Negrasteiz eleberri beltzeko jaialdian elkar ezagutu genuen, eta, gainera, egileen mahaia partekatu genuen. Adiskidetasun handia hasi genuen bertan; Marian Tarazona izango da, hain justu, nire amabitxia azaroaren 8an Lizarran egingo dudan liburuaren aurkezpenean. Bere garaian esan nien interes handia nuela beren artikuluan, eta hauek eskura zuten informazio guztia eman zidaten. Hortik abiatuta, nire ikerketa propioa egiteari ekin nion. Soldaduaren familiarekin hitz egin nuen; hasiera batean zuhur agertu baziren ere, gero oso atseginak izan ziren nirekin. Bestetik, Sobrongo eta Bergondako herritarrekin ere hitz egin nuen, bigarren herri horretan ere garai horretan kantonatutako soldaduak egon zirelako.
Nola izan da gertakari historiko hori?
Berez, istorioa 1944ko ekainean hasi zen. Aliatuek Frantzia hegoaldea askatu zuten, eta Pirinioetan zeuden aduanazainak —Heinrich Himmlerren aginduak beteaz—, muga zeharkatu eta Espainian sartu ziren. Bertan, Guardia Zibilak atxilotu zituen, eta Miranda Ebroko kontzentrazio esparrura eraman zituzten. Behin bertan zirela, leku berezi batera eraman zituzten, preso errepublikazaleetatik aldenduta. Aduanazain asko pilatzen hasi zirenez, horren handia zen eremu horren saturazioa ezen erabaki baitzuten 40 urte baino gehiagoko lagunak beste norabait eramatea. Erabiltzen ez ziren edo jende gehiago hartzeko moduan zeuden bainuetxeetara eraman zituzten azkenean. Horietako bat Molinarrekoa izan zen, Karrantzan. Arabaren kasuan, Sobronen 800 bat soldadu egon ziren, eta beste horrenbeste Bergondan. Seminarioan, likore fabrika zahar batean, pentsioetan edota etxe pribatuetan ere, herriko familiekin, leku horietan guztietan egon ziren bizitzen.
"SOBRONEN 800 SOLDADU ALEMAN EGON ZIREN, ETA BESTE HORRENBESTE BERGONDAN"
Eta hori nola eraman zenuen ba paper gainera?
Julio eta Marianekin hitz egiten, informazio guztiarekin hor zer gertatu ahal zen pentsatu nuen, eta eleberria idazteari ekin nion. Besteak beste, zalantza asko daude ea benetan Sobronen hilobiratutako soldadua eta hilarrian agertzen den izena bat ote datozen. Beste soldadu bat izan ahal zelako zalantza utzi zuten hasierako prentsa artikulu horretan. Ni ikertzen asko ahalegindu naizen arren, ez dut argitzea lortu. Baina eleberrian idatzi dut zer gertatu ahal zen, batzuek eta besteek kontatu didatenagatik. Dena dela, hau ez da ikerketa entsegu bat, eleberri bat baizik.
Naziek beti joko asko ematen dute, eta kondairak sortzen dira horien bueltan: urrea, ezkutuan ihesean ari ziren hierarkak...
Hala da. Are gehiago, mila urtez iraun behar zuen inperio hori amiltzen hasi zenean, diozunez, hierarkak exodoez baliatu ziren, ahalik eta lasterren ihes egiteko; ordurako Frantziaren erdia hartua zuten, aliatuen esku geratuz gero, haien akabera izango zela jakin bazekitelako. Espainiara sartu nahi zuten, Portugalera iritsi eta Argentina bezalako lekuetara iristeko. Batek daki aduanazain horien artean bilaketan ari zen norbait ote zegoen. Bestetik, esaten zen sare klandestinoek bainuetxeak erabiltzen zituztela nazien urrea edo artelanak ezkutatzeko. Funtsean, aduanazain hauek lastozko gizon gisa erabiltzen ziren lapurtutako altxorrak ezkutatzeko. Franco ez zegoen oso prest hauek hartzeko, baina Bigarren Errepublikari garaitzeko Hitlerren Alemaniak emandako laguntza eskertu behar zuen, hala edo hola. Dena dela, Francok soldadu hauek erdi ezkutuan mantendu zituen beti: herrietan, eta nukleo handietatik urrun. Erdi-askatasun erregimenean bizi ziren: aukera zuten herrian ibiltzeko, baina ezin ziren bertatik atera, inork ikusi ez zitzan.
Zer gertatu zen aduanazain haiekin? Epaitu al zituzten? Askatu zituzten?
1946ko otsailean aberriratu zituzten, baina haietako asko errepresalien beldur ziren. Izan ere, Espainian ziur zeudela bazekiten. Azkenean, eguna iritsi eta Miranda Ebrotik hainbat tren atera ziren Hendaiara. Bertan, itxaron behar izan zuten beste lekuetatik soldadu gehiago iritsi arte, eta, handik, Alemaniara eta Austriara eraman zituzten. Dakidala, ez zen atxiloturik egon.
Bosgarren eleberria izanda, trebatuta egongo zara gero! Nola izan da idazketa prozesua?
Bereziena izan dela esango nuke: maitasun asko jarri dut liburuan. Horren gertuko gaia jorratzean, eta bizikletan horrenbeste joan naizen lekua izanda, oso gustura sentitu naiz idazten. Bestetik, herriko biztanleen gertutasuna bizi dut: oso ondo hartu naute, modu ikaragarrian. Are, nire lehen eleberria Sobronen kokatu nuen, Uraren Museoan, eta bertako guztiak oso pozik zeuden Sobron eleberri batean agertzen zelako. Gainera, oso istorio ezezaguna zen. Ezagutzen zen hegazkinlari nazi batzuk egon zirela Araban, Gerra Zibilean Francori laguntzeko. Baina, pentsa, Sobronen 800 soldadu egon zirela!
"BESTE SOLDADUA KRISTAU EZ DIRENEN TOKIAN EHORTZI ZUTEN, HILERRI BATEN IZKINA BATEAN"
Nolako bizimodua izan zuten?
Urte eta erdi egon ziren Sobronen. Eta auzokideak pozik zeuden, laguntza ematen zuen jendea zelako. Aintzat hartu behar da ez zirela ezagutzen ziren nazi tipikoak. Aduanetako funtzionarioak ziren, Ogasun Ministerioaren mendekoak. Himmelerrek SSetan sartu nahi izan zituen, baina ez zuen lortu. Ez zeramaten armarik, eta ez ziren inoiz konbatean egon. Aurretik arotz, margolari edo iturginak izandakoak ziren horietako asko.
Batzuetan gehiegi sinplifikatzen da, eta ematen du Wehrmachteko soldadu arrunt guztiak ideologizatutako soldadu naziak zirela, ezta?
Hala da. Nik Un nazi en Sobrón titulua eman diot liburuari, eta Julio eta Marianen artikuluaren titulua ere hori bera zen. Baimena eskatu nien, eleberriari oso ondo zetorkiolako titulua. Izan ere, batek daki hor ehortzita zegoena funtzionario bat ala nazi nazi bat ote zen. Suposatzen dut eleberrian horrekin ere jolasten duzula... Hori da. Tituluaren zentzu bikoitza da hori. Gustuko izango nuen zalantza argitzea, baina, hori izatekotan, eleberrian ere ez nukeen jarriko, nahi dudalako irakurleak zalantza hori izatea, eta "batek daki" pentsa dezala.
Badakizu lagun hori zergatik hil zen?
Heriotza naturala izan zen. Bi bertsio daude: batek dio bihotzekoak eman ziola. Besteak, ero handiko egun batean bainua hartzean digestio mozketa izan zuela. Lantarongo Udalak Sobronen hil ziren hiru soldadutatik biren heriotza agiriak eman zizkidan. Johanh Mungenast-en kasuan —hari buruzkoa da eleberria— agiriak dio bihotzeko gutxiegitasun bat izan zuela. Beste soldadu batek, Bergondan ehortzi zutena, bihotz-biriketako gelditzea izan zuen. Hirugarren bat teilatu bat konpontzen ari zela amildu zen. Zalantzetako bat da hau: leku berean hil baziren ere, bat Sobronen hilobiratu zuten ohore guztiekin, Guardia Zibila eta guzti bertan egon zela. Aldiz, bestea ehortzi zuten hilerri baten izkina batean, Sobronekin zerikusirik ez duen leku batean. Hain zuzen. Kristau ez direnen tokian ehortzi zuten, baina Mungenast Sobrongo hilerriaren goiko terrazaren erdigunean ehortzi zuten. Liburuaren amaieran, egilearen oharrei utzitako tarte batean, ikerketan zehar azaldu zaizkidan zalantza guztien berri ematen dut. Azkenean, hau gertakari errealetan oinarritutako istorioa dela esaten dut, baina badira irakurleari bururatuko zaizkion zalantza asko.
Zure beste klasiko bat sartzen duzu ere eleberrian. Vasco-navarro trenbidea...
Bai. Nobela pertsekuzio azkar batekin hasten da, gaueko ordu txikitan, Gipuzkoako ibilbidearen tarte batean. Asko gustatzen zaidan ibilbidearen zatia da, eta Leintz Gatzaga eta Eskoriatza artean Marineko geltokia dago. Asko maite dudan eraikina da. Pena handia da ikustea hondarretan dagoela, erortzear. Zaharberritu nahiko balute ere, ez dut uste aukera egongo zenik. Nolabait, bizitzara itzultzeko nire ekarpena izan da, eleberrian sartuz eta omenaldi txikia eginez. Orain, Debagoieneko kolektiboekin saiatzen ari gara berreskuratzeko falta den tarte bakar horri berrezartzen. Nola izan da liburuaren harrera? Ederra. Urria hasieran atera zen liburua, eta ia-ia bigarren edizioaren atarian gaude. Besteak beste, Durangoko Azokan aurkeztuko dugu. Gainera, oso pozik nago istorio hau ezagutarazteagatik. Sobrongo herritarrek esan didate badagoela jendea hurbiltzen ari dena orain hilobi hori ezagutzera