Lacervilla herriaren inguruan, Berantevillan, AHTa egiteko desjabetuko dituzten nekazaritza lurrak Solariak bere makroproiektu fotovoltaikoa eraikitzeko okupatuko dituen berdinak dira. Hala azaldu dute AHTrik EZ Arabako Haranak eta Arabako Haranak Trenaren Alde taldeek, ohar batean. "Zer interes ilun dago mugimendu horien atzean? Zer dela eta engainu horiek? Etorkizunean trukaketak egiteko asmoa al dago ezkutuan?", galdetu dute.
Bi taldeen esanetan, ADIFen asmoa da bertan harrobi bat egitea "inolako izapiderik eta ingurumen kontrolik igaro gabe, obraren kostuak merkatuz lurraldean bizi diren pertsonen kontura, kultur ondarearen galera eta balio handiko nekazaritza lurzoruaren galera areagotuz". Ildo horretan, martxo aldera, ADIFek bilerak egin zituen lur horien jabeekin, "eta ziurtatu zieten aldi baterako desjabetzeak izango zirela, behin hartxintxarra atera eta gero landare lurrez beteko zituztela, legezko jabeei itzultzeko".
Azkenean, derrigorrezko desjabetzeak izango dira. Hala jaso dute, bederen, AHTa igarotzea aurreikusita dagoen Manzanos eta Iruña Oka lurren desjabetzeak iragarri dituzten buletinetan. "Kontuan izan behar da ez dela behin betiko proiektua, eta, ziurrenik, oinarrizko proiektutik eraikuntza-proiektura aldaketak egongo direla. Informazioa eskasa da eta 15 egun besterik ez dituzte eman jakinarazpen gisa; nolanahi ere, ez da nahikoa denbora eta, beraz, zuzenbidearen aurkakoa da, alegazioak aurkezteko oso denbora gutxi baita. Desjabetzeak hasteko justifikazioa bilatzen ari dira", zehaztu dute AHTaren kontrako plataformek.
"Sakrifizio lurralde"
Egoera nahasi horren aurrean, Arabako Haranak "sakrifizio lurralde bihurtu dituztenei" azalpenak eskatu dizkiete bi taldeek, "landa ingurunearen lapurreta baimentzen dutelako eraikuntza enpresa energetiko handiak aberasteko, hemen bizi garen pertsonengandik sortutako proposamenei eta alternatibei entzungor eginez, eta herrietako bizitza arriskuan jarriz" . Era berean, Ramiro Gonalez ahaldun nagusiari aurpegiratu diote gaurko AHTaren proiektuaren aurrean alternatibarik ez dutela aztertu, eta Arabako landa ingurunea "suntsitzea".
Hartara, desjabetzeak eta AHTaren proiektua geldiaraztea exijtu dute Añanako Kuadrillako bizilagunek, "inposatutako proiektua" delako; eta tren sozial baten aldeko alternatiba aztertzea exijitu dute, "herritik jaiotako proposamen bat delako". Bestalde, hori guztia aldarrikatzeko, larunbat honetan. Makroproiekturik ez lemapean, Gasteizen antolatu duten manifestazioan parte hartzera deitu dute.
Manifestazioaren antolatzaileek herritarren "erantzun masiboa" espero dute. Izan ere, dagoeneko 150 tik gora dira makroproiektuen aurkako manifestazioarekin bat egin duten administrazio batzarrek, udalek, sindikatuk eta elkarteek.