Langraiz Okako harrobiaren jarduerak Subillako akuiferoan izan ditzakeen ondorioen "txosten eguneratua" eskatu dio Iruña Okako Udalak URAri, "eta ez uraren egungo kalitateari buruzko txosten batera mugatzea". Ekimena aho batez onartu du udalbatzak, eta EH Bilduk aurkeztutako mozio batean oinarritu da.
Zehazki, mozioak Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari eskatzen die Subillako akuiferoaren egungo egoerari buruzko txosten eguneratu bat eska diezaiotela berehala Uraren Euskal Agentziari, Langraiz Okako harrobiaren jarduerari aipamen berezia eginez. Era berean, txosten hori ez dagoen bitartean harrobiaren gaineko kontrol-neurriak areagotzeko ere eskatu dute.
EH Bilduk gogoratu du URAk zalantza handiak agertu zituela, harrobiaren balizko handitzeari buruz ohartaraziz. "Subillako akuiferoko uraren kalitatea eta kantitatea arriskuan egon daitezke Langraiz Okako harrobiaren jardueraren ondorioz, eta horrek ondorio larriak izan ditzake osasun publikoan eta ingurumenean", azaldu dute.
EH Bilduren ekimenez, Batzar Nagusiek eta Iruña Okako Udalak harrobia kautelaz gelditzeko eskatu zuten maiatzean, arrazoi berengatik.