Iruña-Veleian bisitarientzako zentro berria eraikitzeko ideia lehiaketa abiatu du Arabako Foru Aldundiak. Lehiaketa irabazten duen enpresari oinarrizko proiektuaren erredakzioa eta lanen zuzenketa esleituko diote, 55.000 euroan. Orotara, aldundiak zenbatetsi du zentro berriak 550.000 euroko kostua izango duela, BEZik gabe.
Arkeologoek lan egin ahal izateko espazioak izango ditu zentroak. Modu berean, dibulgaziorako beste espazio bat aurreikusi dute.
Hala, langileentzako eremuan, officea, aldagela, eta 65 metro koadroko biltegia paratuko dituzte. Bisitarientzako aldean, berriz, besteak beste 65 metro koadroko harrera gunea, 75 metro koadroko erabilera anitzeko aretoa egongo da. Kanpoko aldean atseden hartzeko gune bat, tamaina handiko pieza arkeologikoak erakusteko eremu bat eta aparkaleku bat jarriko dituzte.
Gaur egun bisitariak artatzeko eraikina 2008an sortu zuten, eta 225 metro koadro inguruko egurrezko plataforma baten gainean jarrita dago. Egungo eraikinak 40 metro koadro inguru baino ez ditu.
Hiri erromatarraren harresitik gertu egongo denez, diputazioak dio eraikin berria ezingo dela lehiatu aztarnarekin; kontrara, harresia nabarmentzen lagundu behar duela dio agiriak.
Ohartarazi dute "potentzial arkeologiko" handiko eremuan kokatuko dela, eta litekeena dela eraikuntza lanetan aztarna arkeologiko berriak agertzea. Hori dela eta, eraikinaren zimentazioa egoera horretara egokitu beharko dela dio aldundiak. Are, inguruan georradarrez egindako irudia erantsi dute lizitazio agirian, eta, bertan, hainbat egitura antzeman ahal zaizkio eremuari. Georradarrak ezer topatu ez duen tokietan ere "aztarna garrantzitsuak" daudela aurreratu dute.