Ammonoidea klaseko animalia baten fosil erraldoi bat azaleratu eta berreskuratu dute Iruña Okan, gaur diputazioak ezagutzera eman duenez. Uneotan fosila Zaharberrikuntza Zerbitzuan dagoela argitu dute; behin kontsolidatu ostean, Natur Zientzien Museora eramango dute, bertan ikertu eta erakusteko.
61x56x6 zentimetroko neurriak ditu fosilak, eta egoera onean dago. Iruña Okako harrobitik gertu agertu da, duela 87 milioi urte —Goi Kretazeoan— bizi izan zen molusku baten aztarna hori.
Arabako Natur Zientzien Museoaren bilduma zaintzen duen Biogearium enpresako paleontologo Carmelo Corralek irailaren hasieran jaso zuen horren berri ematen zuen deia, eta hilaren 4an egin zuten lehen bisita, in situ.
Ondoko landa lanetan egiaztatu ahal zuten alea egoera onean zegoela, apurtu gabe, eta fosila onik eta osorik ateratzeko moduan egon dira adituak. Ana del Val Kultura diputatuak "aurkikuntza handitzat" jo du, eta museoan antzeko tamaina duen hirugarren amonitea izango dela aurreratu du.
Gogora ekarri du horrelakoetan protokolo bat jarraitzeko beharra. "Edozein elementu paleontologiko aurkitzean, berehala jakinarazi behar zaie ondarearen babesaren ardura duten agintariei", esan du Del Valek. Aldundiak ez du alboratu aurkitu den tokian erreplika bat edo molde negatibo bat erakusteko aukera.