Valecea pirotekniako arduradunek azpimarratu dutenez, segurtasun neurriek ondo funtzionatu dute goizean jazotako leherketaren ostean. Hartara, ez da zauriturik egon langileen artean, eta Langraiz Okako, Espejoko eta Miranda Ebroko parkeetatik joandako suhiltzaileen taldeek eztandak eragindako sutea kontrolpean hartu dute denbora gutxian.
Valecea pirotekniak Berantevillan, Lacorzanilla industrialdearen ondoan, duen etxola batean gertatu da ezbeharra, goizeko 11:00ak aldera. Hainbat leherketa jazo dira ordu horretan, eta eraikinean gordetako bolbora eta elementu piroteknikoak tiroka hasi dira eta inguruko lurzoruetan sakabanatu dira. Leherketak N-124 errepidetik eta Lacorzanillako industrialdean kokatutako enpresetatik entzun dira. Berantevilla, Armiñon, Estavillo eta Ribaguda herrietatik baita Miranda Ebrotik ere entzun dituzte leherketak.
Nahiz eta oraindik argitu gabe dauden gertakariaren arrazoi zehatzak, leherketaren tokian jazotako irudiek argi islatzen dute eztandaren indarra; izan ere eraikin txiki horietako batzuk txikituta geratu dira eta merkantziak garraiatzeko kamioi txiki bat erabat kiskalita geratu da.