31. nekazaritza eta abeltzaintza azoka ospatuko da Angostoko Santutegian igande honetan, Añanako Landa Garapenerako Elkarteak antolatutako ekitaldien baitan. Azokaren protagonistak izango dira tokiko behiak, zaldiak, ardiak eta ahuntzak; zeramika, forja, zura eta beste hainbat materialez egindako artisau lanak ikusgai egongo dira; eta bertako hainbat produktu nabarmenduko dira saltokien erakusmahaietan: barazkiak, gaztak, eztia, marmeladak, lekaleak, zukuak...
Halaber, elkarte antolatzaileak txikientzat nahiz nagusientzat egindako jarduerak egongo dira azokan. Haurrek bertako produktuekin janaria prestatzeko aukera izango dute 12:30ean, eta ordu berean artzain txakurren erakustaldia egongo da. 12:00etatik aurrera hogei egurrezko jolas egiteko parada izango dute adin guztietako pertsonek, eta 13:30etatik aurrera, bertako produktuen dastaketa Euskal Ogiaren eskutik. Egunean zehar Gesaltza Añanako txarangak azoka girotu eta alaituko du, eta elizkizunak ospatuko ditu Guraso Pasiotarren komunitateak.
Azokaren helburu nagusia "Añanako eskualdean eta inguruan kontsumo produktuak lantzen, hazten eta egiten dituzten nekazari, abeltzain eta artisauen lana herritarrei ezagutaraztea" dela adierazi du Arabako Foru Aldundiak, azokaren babesleetakoa denak. Topaketa tradizional hau 1992an berreskuratu zuen Angostok, eta geroztik bere santutegiko zelaietan ospatu dute inguruko profesionalek, baita gerturatzen diren pertsona guztiek ere.